Klase perspektiba
Gaur egun oso gutxitan erabiltzen den kontzeptu bat dela esango nuke, alegia, modan ez dagoen kontzeptu bat dela; izan ere, egun, bizi dugun munduan gogoratu nahi ez dugun ideia bat dela dirudi, hau da, nahiago dugu ez pentsatzea bere esanahiaz, molestatuko baligu bezala.
Aldiz, feminismoa modan dagoen hitz bat dela esango nuke, eta maiz entzuten dugun genero perspektibaren kontzeptua ondo dago, horrek laguntzen baitigu bizi dugun mundua hobeto ulertzen. Horrekin esan nahi dugu mundua aztertzeko genero ikuspegi batetik begiratu behar dugula, horrela eginez konturatuko garelako emakumeen zapalkuntza bizitzaren arlo guztietan ematen dela, eta, mundua perspektiba horretatik begiratuz, emakumeen emantzipazioa lortzen joatea errazago egingo zaigula eta beharrezkoa zaigula ikuspegi horretatik begiratzea.
Gure mundua nolakoa den hausnartzen hasten bagara, ikusten dugu indibidualismoa nagusi dela gure bizitzan, gure eguneroko jardunean eta medioetatik iristen zaizkigun mezuak indibidualismo horretan mugitzera bultzatzen gaituztela. Beraz, mundua ulertzeko modua eta ditugun arazoak konpontzen saiatzeko orduan, geuk bakarrik baliatu behar dugula, bizitzan arrakasta ala porrota geure baitako zerbait direla eta kanpoko guztiak ez duela zerikusirik.
Klase perspektiba kontzeptu marxista da eta adierazten du klase sozialak existitzen direla bizi dugun mundu honetan. Mundua ikusteko modu bat da klase perspektiba.
Egin dezagun ariketa txiki bat. Ikus dezagun Donostia hiria klase perspektibatik. Goazen auzoz auzo: Erdialdea, Mirakontxa, Parte Zaharra, Gros, Amara, Antigua, Egia, Miramon, Loiolako Erribera, Intxaurrondo, Altza, Bidebieta, Loiola, Martutene, Añorga, Ibaeta, Igeldo, Ulia… Inork uste al du auzo horiek guztiak klase sozialei dagokienez berdinak direla?
Kale gorrian bizi direnak, langabezian bizi direnak, soldata prekarioak dituzten langile arruntak, autonomoak, lanbide liberalak (abokatuak, medikuak, dentistak…), funtzionarioak, teknokratak, nagusi txikiak, ertainak, handiak, jubilatuak… Inork uste al du klase sozialik ez dagoela?
Klase sozialak existitzen dira, gainera gero eta modu nabarmenagoan: aberatsak aberatsago egiten ari dira, eta munduan, oro har, gero eta pobre gehiago gaude. Gainera, komunikabideek ez ikusiarena egiten badute ere, errealitatea da klase sozialak hor daudela. Komunikabideek ez ezik, alderdi politiko zenbait ere errealitate hori ezkutatzen saiatzen dira, baina guztiek dute klase perspektiba, ezkutuan gorde nahi dutenek ere bai.
Beharbada, sindikatuak dira, gehi ezkerreko zenbait alderdi, klase perspektiba hori hobekien azaltzen dutenak eta ikuspuntu horretatik mundua interpretatzen dutenak; klase kontzientzia dutenak, jendearengan klase kontzientzia sortzen dutenak. Baina, konparatuta komunikabide eta instituzio nagusiek duten indarrarekin, oso ahulduta dago klase perspektibatik aztertu eta horren arabera eragiteko ahalmena.
Jakina, egoera ez dugu konponduko ez badugu eragiten, ez badira bankuak eta korporazio handak (Iberdrola, Petronor, putre funtsak, eta abar) jendartearen bizitzatik baztertzen eta jendearen kontrolpean jartzen.
Jende zapalduaren klase kontzientzia beharrezkoa da aldaketa soziala gauzatu nahi izanez gero, amildegira ez erortzeko eta bizitza duinak erdiesteko.