Klaustrofobia
EHUko Uda Ikastaroetan ibili naiz aste honetan. Miramar Jauregian egotea beti da gustagarria, baina are gehiago, behinola eliteak baino zapaltzen ez zituen luxuzko gela horiek unibertsitate publikoko ikasleek hartzen dituztenean.
Aspaldi ez nuen uda ikastaro batean izenik eman, eta azken aldi hartan ez bezala, oraingoan itxita aurkitu ditut eraikinaren atzeko atea zein beheko solairuko leiho handiak. Atsedenaldian zabalik topatu dudan larrialdietako irteera bakarra ere itxita zegoen bueltatu naizenean, eta hala, Mirakontxa pasealekura ematen duen ateraino joanarazi gaituzte sartu-irten guztiak egiteko. Egoera klaustrofobiko honekin Woody Allenek zerikusirik ba ote duen sortu zait zalantza, bere pelikularen filmaketarako tramankuluz inguratuta baitzegoen jauregia.
Hau argitaratzerako hasiak izango dira grabazioak. Donostiako Udala oso azti ibili da oraingoan: zunda globoa bota zuen aurrena, Kontxa bi egunez goitik behera itxi beharko zutela ulertaraziz, eta gero, ezetz, hondartza zati bat baino ez digutela kenduko. “Ez da hainbesterako”, esanez bezala. Probatzen ariko balira bezala pazientziaren mugak non dauden, zenbateraino gauden hau guztia jasateko prest. Estrategia bikaina, bide batez: denok hondartzara begira geunden bitartean, Bulebarra eta inguruak itxi dituzte arratsalde batez, xorro-xorro.
Baina Kontxara itzulita, azkenean filmatze eremua mugatu egingo dutela esan dutenean, hesia herritarrontzako dela iruditu zait. Gu egongo garela barruan, eta kanpoan, ustez soka motzean lotuta behar lukeen zine zuzendaria. Perspektiba kontua da.
Nolanahi ere, Kontxakoa urrats bat gehiago baino ez da, hotel berrien aldamio erraldoiek, tabernetako terraza zabalegiek eta handiusteko proiektuek aspaldi hesitutako Donostian.
Gero eta zailagoa egiten zait gurean mugitzea. Gero eta klaustrofobikoagoa zait dena.