Klika!
Eta dena aldatu zen, dena aldatu nuen…
Horrelakoxea da Klika ospetsuaren ezaugarria. Eta ez dator zerutik, norberak eragindakoa da. Hots txiki baten onomatopeia baino askoz ere gehiago da, beraz. Hain da indartsua, ezen klika egin ondoren, atzetik ordura arte genuena errotik eraldatzen baitugu beti.
Komikietan bonbilla piztu berriaren bidez irudikatu izan da klika, hau da, konpon ezina zirudien korapiloa askatzeko bide berria asmatu dugunean pizten da bonbilla: dena ilun zegoen eta bat-batean argia egin da. Burutazio aktiboa eta positiboa da, beraz, klika.
Gaur modan dagoen diskurtsoan klikak paradigma aldaketa dakarrela esango genuke, hau da, arazo zaharrari irtenbide berria emateko modua aurkitu diogula adieraziko luke. Eta horixe da, nire ustez, Korrikak klikaren bidez adierazi nahi izan duena. Etorkizuna gure klikaren esku dago.
Baina zein da euskararen normalizazio prozesuan askatu behar dugun korapilo nagusia? Euskararen erabilerarena, zalantzarik gabe. Eta klika erabilera bada, nola eragiten du horrek berreuskalduntzearen paradigma zaharraren aldaketan? Iraulketa osoa.
Izan ere, iturri zaharra aldatzeak ez dakar konponbidea, bertatik datorren ura betiko ur kutsatua bada… Eta batzuek iturria berritu nahi digute, ura aldatu beharrean. Gaur arteko Hizkuntza Politika da errotik aldatu behar dena, orain artekoa agortuta baitago. Baina nolako Hizkuntza Politika? Motibazio integratzaileak zuzenduko duena. Quebecen aspaldi ikasi zuten motibazio instrumentalarekin frantsesak ez zuela etorkizunik bertan. Noiz ikasiko dugu hori hemen? Euskal Herrian ezin da euskara ingelesa erakusten den motibazio instrumentalarekin irakatsi eta ondoren euskararen erabileran emaitzak izatea espero.
Klika!
Paradigma berria: Ez dugu euskara irakatsi behar, Euskal Herrian euskaldun izaten irakatsi behar dugu, euskaraz bizitzen ikasi behar dugu.