Kokoteraino
Esamolde hori edo beste adierazpide sendoago batzuk dira Amara Berrin bizi edo lan egiten dutenek erabiltzen dituztenak, Anoetako futbol partidak direla eta sentitzen dutena adierazteko. Futbolarekiko duen zaletasunaz edo sentimendu txuri-urdinaz harago doan nazka. Ondoez hori maila gorenera iristen da jarraitzaile talde batzuek, futbola estadioetan eta estadioetatik kanpo indarkeria fisikorako eta hitzezko indarkeriarako aitzakia gisa ulertzen dutenek, sortzen duten segurtasunik ezarekin datorrenean. Sumindura horri lotsa gehitzen zaio, ikusten baita, gehienetan, behar bezala jokatzen ez dutenak Realaren zaleen parte direla, Anoeta estadiotik hurbilen dauden kale eta plazetako bizilagunen lekukotasunek erakusten duten moduan.
Jokabide horiek berehala konpondu behar dira: errotik eta behin betiko. Izan ere, gizartearen zati batek uste badu ere futbola dela garrantzi gutxien duten gauzen artean gauzarik garrantzitsuena, ezin da onartu Amara Berriko herritarrek salbuespen egoerak pairatzea, non euren eskubide oinarrizkoenetako batzuk bertan behera gelditzen diren. Eskubide horiek, errespetatzen ez dituztenei dagokien erantzukizuna eskatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Donostiako Udalak eta, jakina, Realak berak babestu behar dituzte. Aitzakiarik gabe.
«Ezin da onartu partida egunetan Amara Berriko herritarrek salbuespen egoerak pairatzea, non euren eskubide oinarrizkoenetako batzuk bertan behera gelditzen diren»
Nolanahi ere, futbol partidek Amara Berrin eragiten duten inpaktua aipatutako gizalegearen aurkako portaeretatik haratago doa. Izan ere, auzoko negozioetan utz dezaketen onura ekonomikoak ez du konpentsatzen, esate baterako, zirkulazio kaosa, auzoan bizi edo lan egiten dutenek aparkatzeko duten zailtasuna, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, pertsona askok eguneroko jarduerak egiteko dituzten arazoak, eta, oro har, auzoaren bizitzak aurretik, bitartean eta ondoren jasaten dituen partiden mende egotea. Anoetan Realarentzat zelaia eraikitzea erabaki zenean, argi dago ez zela behar bezala planifikatu futbol partidek eta Anoeta-Illunben egiten diren beste ikuskizun batzuek Amara Berri auzoan duten balantze erabat negatiboa saihesteko modua. Egoera hau konpontzeko garaia da.