'Koloreak'
Xabier Otaegi, pailazoa
Gorputz batek islatutako argi errainuek begi erretinan eragiten duten sentsazioari deitzen zaio kolorea. Dirudienez daltonikoak ez beste guztiak ados gaude urdin moduko argiari urdin deitzen, gorriari gorri, berdeari berde, eta era honetan izen desberdinez izendatzen ditugu begien aurrean sumatzen ditugun gauza guztien tonu ugariak. Eta koloreak ugariak badira ugaritu egin dira koloreen esanahiak; urdinak ez du zeru garbiaren tonalitatea bakarrik adierazten, ezta zuriak elurrarena huts-hutsik, hainbat gutxiago gorriak odolarena soilik. Gipuzkoako kostaldean, adibidez; berdea, arrosa, ubela, horia, urdina eta gorria aipatzea da Hondarribia, Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Orio, Zarautz eta Zumaia esatea. Eta kontuz ibili, ez gero deskuidoan Pasai Donibanen elastiko ubelez paseatzen jardun, ezta San Pedron arrosaz jantzita ere, “gorriak” ikusi nahi ez badituzu. Gorriak esanahia asko ditu. 1936ko gerran gorritzat jotzen zituzten nazional taldekoak ez ziren guztiak, eta frankistek ezarri zizkieten zigorrak ez ziren, gerra bertan eta gerra ostean ere, txantxetakoak izan. Gure amonak kontatzen zuenez, nazionalek Donostia hartu ondoren, bozgorailuak jarri zituzten hainbat lekutan Cara al Sol, Oriamendi eta horrelako kantuak, etengabe, egun osoan kaleetan entzun zitezen. Salbatzaileak iritsi aurretik beste bandokoa izanik, denbora berriekin frankotar aldera pasea zen dendari baten denda aurrean omen zegoen traste horietako bat. Diskoa hainbestetan errepikatzearen ondorioz birrindu egin zen Cara al Sol kantua zati honetan: “…con la camisa nueva, que tu bordaste rojo ayer … rojo ayer… rojo ayer …rojo ayer …“. Disko birrinduak salatu zuen dendaria eta frankistek atxilotu egin zuten. Denboraren poderioz, izen berdinak konnotazio desberdinak hartzen ditu. Zer diozue joan den udako La Rojaren balentriez? Edo joan den asteko La Rojitarenaz? Treintayseisko rojoekin ez dute zer ikusirik, ezta? Marea gorria izendatu zuten futbolzaletasun berri horrek beste kolore bikoitza ekarri zuen berekin, gure amonak piperpoto esango zukeena, Espainiako banderarena alegia. Aspaldian hainbeste ikusten ez nituenez Franco Donostiara etortzen zeneko oroitzapenak ekarri zizkidan. Kolore hori izaten baitzen nagusi gure kaleetan, piperpotoarena; eta horrekin batera, ekartzen zituzten gris koloreko poliziena, zoritxarreko grisena. Gure artean ez da apenas bi kolore horiekin –gorri gehi hori– egindako jantzirik daraman jenderik kalean ikusten –hemendik kanpora sarri ikusi izan ditut–, saldu ere ez dira egiten dendatan kolore horietako jantziak. Zergatik ote? Piperpotoaren koloreak nahastuz, berriz, beste kolore gazte eta alaia sortzen da, laranja. Kolore hau jende askok erabiltzen du janzteko. Udako egun berezi batzuetan halaxe jantzitako multzo handi bati Frantziako Tourra Pirinioetatik pasatzen denean marea laranja deitzen diote, ikusgarria izaten baita urdin, hori, gorri, zuri, beltz, gris, berde eta beste askoren artean gure laranjatxoen nagusitasun zalapartatsua. Eta gris eta berdea aipatu berri ditudanez ezin ahaztu garai bateko grisen pareko zirela berdeak ere. Baina gorago esan dudanaren tankera berean, denborak aldatu egin du esanahia. Berde izena lotuago dago gaur egun ekologistekin eta naturazaleekin benemeritako jendearekin baino. Gorri eta horiak laranja, urdin eta horiak berdea, gorri eta urdinak ubela osatzen duten era berean, kolore guztiak bata bestearen gainean jarriz gero beltza sortzen omen da. Hau idazten ari nintzela jakin nuen Donostia izendatu dutela 2016ko Kultur Hiriburua. Ez nuen espero. Beltza baizen Donostiako ordezkariek aukeraketarako erabili duten kolore nagusia eta beltza beltza da; kolore ituna, iluna, ezkorra, serioa. Baina erratua nengoen, beltzak kolore guztiak biltzen dituenez, kolore sorta zabal hori osatu duten jendeei esker lortu du Donostiak 2016rako aukera eder hori. Kolore guztiei esker osatuko den bizikidetasuna eta bakea. Zorionak bada denoi, eta izan dezagula 2016 koloretsua.