Komunikazio tresna bat baino zerbait gehiago
Ahobiziak eta belarriprestak jaketan, ariguneak kristaletan… Halako paisaia izango dugu datozen hamabost egunetan. Baina Euskaraldiak euskara koloretako puntutxoz margotzen badigu ere, ezin dugu ahaztu gure hizkuntzak bizi duen diglosia egoerari aurre egiteko beharretik sortutako ariketa dela biziko duguna. Zapaldua den kolektibo bati arnasa emateko une bat.
Zapaldu-zapaltzaile mekanismoek egituratzen dute gure gizartea, eta gu geu ere logika horren baitan sortzen gara; barren barrenean gurutzatzen zaizkigularik, guztiek gure identitatea osatzeraino.
Hizkuntza bera ere ezin dugu logika honetatik kanpo ulertu, eta are gehiago hizkuntza batek baino gehiagok espazioa eta denbora konpartitzen dituztenean. Gure testuinguruan, euskarak erdarekiko bizi duen menderakuntza egoera ukaezina da, eta etengabe jasan behar izaten dugu azpiratze hau: osasun sisteman eta bestelako zerbitzu publikoetan gure hizkuntzan artatuak izateko eskubidea ukatzen zaigunean, hiriko hizkuntza-paisaian bigarren mailan kokatzen gaituztenean, hizkuntza aldatzera behartu eta gainera errudun sentiarazten gaituztenean… Finean, hamaika eraso egunero-egunero.
Hala eta guztiz ere, urteetan eskubide eta pribilegioen arteko muga difuminatu nahi izan digute; gure euskaraz bizitzeko oinarrizko eskubidea urratzeaz gain, euskaraz ondo moldatzea pribilegioa dela sinestaraztera arte. Eta sentsazioa dut, ondorioz, ez ote zaigun zail egiten gure egunerokoan menderakuntza egoera horren kontzientzia hartu eta ahalduntze estrategiak garatzea.
Baina ez dugu ahaztu behar hizkuntza ez dela komunikazio tresna hutsa; gure mundu ikuskera, gure nortasuna, gure identitatea ere badela. Beraz, gure buruei zor diegu euskararen aldeko hautu kontzientea egin eta euskaldunok subjektu politiko gisa aitortzea.
Kontuan izan behar dugu, hala ere, hau gorpuztean zapaldu eta zapaltzaile dinamikarekin egingo dugula topo etengabe, eta honek gatazka dakarrela bere baitan. Baina horixe izango da, aldi berean, menderakuntza egoeratik aterako gaituena. Gatazkarik gabe ez baitago konponbiderik.
Hori bai, gatazka horri aurre egiteko ezinbestekoa izango zaigu komunitatearen babesa; taldeak zaindu eta sostengatzen gaituelako. Eta horregatik dira horren garrantzitsuak Euskaraldia bezalako ekimen kolektiboak. Ekintza indibidualetatik abiatuta, kolektiboki eraikiko dugulako etorkizuna.