Konfinamendea
Azken belaunaldioi gerra bat bizi izatea falta zitzaigula leporatu digute. Ergelduta gaudela, gure dohakabeko existentzia arriskuan jarri duen muturreko esperientziarik ez dugulako izan. Ba, lagunok, ailegatu da! Bigarren Mundu Gerraren garaitik krisirik larriena, apokalipsi osoa guretzat! Bada garaia oker zirela frogatzeko, gure aitona-amona heroikoen materia berekoak garela.
Funtsezko gauzak ikasten ari gara: komuneko paper dorreak zuzen pilatu, kopetako-ilea abertzale old-school erara moztu, edota arbasoek egiten zuten moduan, ogia egin, espelta eta artobeltza gehituz. Supermerkatuan, plastikozko eskularruekin frutari prezioa itsasteko artea menperatu dugu. Balkoira ordu oro txalo egitera eta mozorroturik edozer dantzatzera irteten gara, nahiz eta hartzaileek ez gaituzten entzuten. Harro gaude gure seme-alabez, nekez kexatzen direlako kalera joan ezin direla-eta mugikorrarekin jolastera. Immuneak garela uste dugun arren, aspergarri asintomatikoak bilakatu gara, geure burua ezagutzeari beldurra diogulako. Hobe balkotik begiratu, begiak barnealdera bueltatu baino.
Harri-kartoizko hekatonbe etxetiar honetan, tekonologia menderatu dugu. Kalitatezko telesailetan adituak bihurtu, eta bideo-dei kolektibo ulertezinak sortu; behintzat egunero daramagun jonki piura kentzeko baliagarriak suertatu dira. Bakardadean ez edateko aitzakiarekin egiten ditugu, gel hidroalkoholikoarena ez baita garatu dugun adikzio bakarra. Sareetan argazki alaiak biderkatu ditugu, gure esaldi itxurati motibagarrien aldean Mr. Wonderful Mr. Hyde bilakatuz. Berriz, gure miseria eta larritasuna erromantizismo pinpirinaz mozorrotzen aritu gara, orain lapikokadaren erritmoari eutsiz.
Ba, gerra hau auzolotsari eta lotsa propioari deklaratu diogu, eta garatu dugun armarik indartsuena, euskaldunok aspaldi perfekzionatzen tematu garena da: erromantizismo puztua. Ez dago egoera larririk erromantizatzeko gauza ez garenik. Roberto Benigniren erara, bizitzaren edertasun bihurritua ospatzeko prest gaude errealitatetik haratago. Esperientzia guztiek irakaspen onuragarri bat dutela pentsatzen jarraitzen dugu; birus zahar bat hedatu dela pachamamak berriz zerbait esan nahi digulako. Ez da gure errua, 80 amonak honaino ekarri gaituzte; ziur beraiek ere Patry Jordanen bideoekin zumba egiten arituko zirela.
Rafa Berriok abestu zuen behin beldur zela ea ez ote zuen bizitza bizi simulakro baten gisan, beldur zela denbora galdu izanaz zirriborro existentzialekin. Simulazio itxura duen kataklismo honek ez gaitu funtsean aldatuko, gure esentzia petralak deseskalatzeari biziraungo dio.
Azken urteetan pairatutako hunkigarritasunaren pandemiak jota, euskaldunok gure burua aparteko arkadia gisa irudikatzen setatu gara, sekulako distopian, eta malko haiei esker orain elfoak gara. Agian, krisialdi honek badu bere irakaspena: ezkutuko patetismoaren karga birala askatzeko bidea erakutsiko digu, ezinbesteko eboluzioa aurreratu, ez baitago antibiralik garai bateko mamuak isilarazteko.