'Konponbidea nahi duten herritarrei'
Adierazi ezinik. Horrela nago.
Wordeko dokumentu txuria arratsalde osoan zehar irekia izan dut, eta ezin ekin idazteari.
Barne min intenso batek urdaila estutzen dit, bere partez indarrez estutzen ari den ukabil bat izango banu bezela.
Sentipen hau baina, ez da berria. Ez niretzat, ez eta herri honetako herritar gehienontzat ere. Modu batean edo bestean, herri hau osatzen dugunok askotan pairatu dugun sentimendua da oraintxe dudana. Arrazoi politikoak dituen gatazka gordin batek eragindakoak denak. Eta denak minak.
Guztiok dakigu egungo egoeran aukera itzela bizi dugula. Konponbidea bilatzeko ahalegin sendo bat bizi dugu, borondatea argia eta ziurra da. Aldaketa handiak ikusi ahal izan ditugu baita urrats xume eta etengabeak (biktimak, eragindako minaren aitortza…). Esan liteke apurka apurka bidean aurrera goazela, baina… Ziaust!
Berriro ere, beste kolpe bat, beste urdail estutze bat, beste barne-min bat, beste behin. Oraingoan lagunak kartzelara kondenatuak. Noiz eta orain, kartzelak hustu eta konponbiderako urratsak eman behar direnean. Zergatik eta beste behin, arrazoi politikoengatik, independentista eta ezkertiarrak izateagatik. Nortzuk eta guztionak diren eta ukatu nahi dizkiguten eskubide zibil eta politikoak praktikan jartzera ausartu direnak. Nola eta gezurrak asmatuz, frogarik gabeko epai sinesgaitz eta irrealak idatziz, eta gainera tortura legitimatuz. Beste behin.
Horrelako kolpeek guztiongan min bat eragiten dutela pentsatzen dut; handia edo txikia, hurbilekoa edo beste aldekoa, momentukoa edo aspaldikoa… baina guztioi pizten zaigu barruan. Azken urteotan etenik ez dutela izan guztiok dakigu, eta guztiok konturatzen gara duten helburuaz. Baina hala ere, gurekin joango ez balitz bezela ikusten jarraitzen dugu guztia, beti bezela distantzia batera. Konponbidearen aldeko jarrera argia dugu noski, jarrera irmoa, baina lehen momentuko berotua lausotzean lasai jarraitzen dugu gurera, eta soilik gurera. Okerrena baina, guztiok hori egiten jarraitzen badugu eskubide urraketek etenik izango ez dutela badakigula da. “Barne kontraesan txikitxo bat gehiago, ez da ezer pasatzen” pentsatzen dugu. Eta horrela akabo, konponbidearenak egin du, badakigu.
Nola adierazi? Nola eman urratsa? Nola gelditu injustizia guzti hauek? Nola bultzatu konponbidea? Horiek dira guk guztiok geure buruari egitea espero ditudan galderak. Irakasle, guraso, amona, zaintzaile, ikasle, tabernari, fisioterapeuta, langabe, okin, gidari… dena delakoa garela ere, guztiok egin beharko genuke hausnarketa gutako bakoitzaren paperaz. Ez diezaiegun utzi konponbide aukerak zapuzten.
Lan horretan jadanik gero eta jende gehiagok hasitako bideari heltzeko egunero Donostiako Bulebarrean antolatu den Aske Gunea dugu, espetxeratzear dauden gazteei elkartasuna adierazi eta horrelako erasoak baztertzeko. Han ikusiko gara.
Aritz Ibarrola, Antiguako bizilaguna