Konturatzerako, M8
Konturatzerako, pasatu ziren udako jaiak, protokoloak eta puntu moreak. Konturatzerako, hasiak ginen asanblada misto zein ez-mistoetan greba feminista orokorra irudikatzen. Konturatzerako, herri akordioa aurkeztu genuen. Konturatzerako, greba egin genuen (uau!). Konturatzerako, Eusko Jaurlaritzak larrituta baina egiturazko aldaketarik egiteko borondaterik gabe, «Zainketen Aldeko Euskal Ituna» delakoaren propaganda egiten hasi zen (ez ginen atzo jaio); gustatuko litzaidake jakitea zer egiten ibili den orain arte Eneko Goiaren gobernua. Konturatzerako, egin genituen balorazio bilerak. Konturatzerako, Denon Bizitzak Erdiguneanek agerraldia egin zuen Bilbon, salatuz greba ostean erakundeek ez digutela neurriko erantzunik eman (spoiler!). Konturatzerako, pentsatu genituen Martxoaren 8a prestatzeko asanbladetako datak. Konturatzerako, egin eta zabaldu genuen kartela. Konturatzerako, Donostiako Asanblada Feminista biltzen hasi zen.
Aurten ere, urtero moduan, salatzeko dezente dago mahai gainean: zaintza sistema publiko-komunitarioa urgentea da, Atzerritarren Legea deuseztatzea beharrezkoa da, Palestinaren okupazioa eta genozidioa izugarrikeria hutsa da, sexu erasoak eta indarkeria matxista egunerokoaren parte dira, pentsio duinak behar ditugu, arrazakeria instituzional eta poliziala gero eta agerikoagoa da, etxebizitza larrialdi baten aurrean gaude…
Honi guztiari aurre egiteko, era kolektiboan hausnartu eta ekiteko antolakuntza behar dugu, Mugimendu Feministak beti errepikatzen duen moduan: antolakuntza feminista ezinbestekoa da. Horregatik, azpimarratu nahiko nuke antolakuntzaren garrantzia, niretzat Donostiako Asanblada Feministak duen garrantzia. Mobilizazioetan parte hartzen dugunean sarri ez gara aurrez zein bertan egin den lan guztiak duen bolumen eta garrantziaz jabetzen. DAF-ek izaera irekia duenez, eta bertan parte hartzeko atea irekita dagoenez, hona hemen modu laburbilduan lan egiteko dugun era:
M8 edo A25 antolatzeko eredu berdina erabiltzen dugu, hiru-lau asanblada ireki aurreikusten ditugu. Bertan lantzen dugu mezua, bertan eztabaidatzen dugu, bertan lortzen ditugu akordioak, bertan banatzen ditugu ardurak eta antolatzen ditugu mobilizazioak. Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetako asanblada edo koordinakunde feministekin ere lan egiten dugu, ideiak partekatzen ditugu, eta denen artean osatzen ditugu lelo zein irakurketak. Dena asanblada bidez, ez da lan makala. Hau ez da zerutik erortzen, jende ugarik jartzen du gorputza. Asanblada talde feminista ezberdinek, emakume pentsiodunek eta norbanakoek osatzen dugu, sindikatuak bidelagun ditugularik. Honek askotariko dimentsioak lantzea errazten digu, egoeraren konplexutasunaz kontziente egiten gaitu, sarri korapiloekin egiten dugu topo eta, ikuspegi ezberdinetatik, baina denen artean egiten diegu aurre. Hau erronka potolo bezain zirraragarri eta aberatsa da. Egiari zor, ez da beti nahi genukeen bezain polita, izan ditugu desadostasunak, posizioen arteko talkak… Eta korapilo hauek askatzeko elkar entzun besterik ez dugu, entzun eta hitz egin, parekoa aitortuz ekiteko bide posibleak marraztu, erabakiak hartu. Niretzat, hau izugarrizko eskola izan da, eta argi dut bertako kide zein erabaki bakoitza babestuko dudala, kanpo erasoak direnak direla. Honengatik guztiagatik eta askoz gehiagogatik nire aitortza eta esker on guztiak asanblada zein koordinakundearen parte diren zein izan diren kide guztiei.
Aurten ere, azkenean, konturatzerako, gaur Martxoak 8 da.
18:30ean, Antiguako tuneletik abiatuko da DAF-ek deituriko mobilizazioa, bertan ikusiko dugu elkar, eta asanbladaren batean. Gora borroka feminista!