Kontxa: uretatik bizitakoak
Irailaren lehen bi igandeetan bihotzak beste era batera egiten du taupaka. Donostiako kaleak jendez betetzen dira, balkoiak kolorez jantzi, eta Kontxako badia mundu osoarentzat erakusleiho bihurtzen da. Askok ikuskizun gisa bizi duten hori, guk, traineruan eserita gaudenok, beste modu batean sentitzen dugu. Arraunlari garenontzat amets bat da Kontxa; ez da estropada soil bat, inoiz ahaztuko ez dugun bizipen bat da.
Denboraldi osoa eta gero, nekea gorputzetan nabaritzen hasten denean iristen dira egun desiratu hauek. Nik Zarautz Arraun Elkarteko arraunlari moduan bizi dut hau guztia; gurea ez da klub erraldoi bat, ezta baliabide handien jabea ere. Txikia eta familiarra da, eta horixe da bere indarra. Duela bost urte, neska talde bat elkartu zen, itxaropen handirik gabe, ilusio hutsez, eta ordutik hona hazten eta sendotzen joan da taldea. Gure txikitasunean, handitasunaren bila joan nahi genuen, gure ametsak betetzera. Elkarrekin.
Estropada honetan edozer gauza pasatu daitekeen arren, aurten, ETEko txapeldunak izan ostean, gertuago ikusten genuen Kontxako uretan lehiatzeko aukera; horrek areagotu zituen gure ilusioak, gure urduritasunak. Kontxa iritsi arteko asteak zailak dira arraunlariontzat, urduritasuna kudeatzea ez da lan erraza askotan. Isilune berezi bat nagusitzen da egun horietan, tentsioz eta kontzentrazioz betea. Entrenatzailearen azken hitzak entzun, eta herriaren txalo eta animo artean, trainerura sartzeko unea iristen da. Itsasora ateratzen garenean, denbora gelditzen da, une batez. Arnasa sakon hartu, elkarri begiratu eta urte osoko lanaren emaitza jokoan jartzera goaz.
«Itsasora ateratzen garenean, denbora gelditzen da, une batez. Arnasa sakon hartu, elkarri begiratu eta urte osoko lanaren emaitza jokoan jartzera goaz»
Txanda hasten denean, urduritasuna olatuekin batera doa ihesean; esku, beso, hanka eta arnas hartze bakoitzak erritmo berean funtzionatu behar du. Kaian sentitzen dugu jendearen beroa: txaloak, ikusten dugu jendea banderak astintzen, irrintziak. Horrek indar ikusezin bat ematen digu, nekea bigarren planoan utzita. Ontzia hamalau arraunlariren indarrak baino askoz ere gehiagok mugitzen du momentu horretan gure zain geratu diren pertsonek, herriak, familiek eta lagunek, bihotzarekin bultzatzen dutelako. Haiek direlako denboraldi guztian zehar zu babesten egon direnak.
Aurten, helmugara iristean, inolaz ere espero ez genuen albistea eman ziguten. Barruan ginela, lortu genuela. Ospakizun motz bat, hamar segundoko zigorra jaso genuela esan zigutenean erori baitzen dena. Estatxa lehenago askatzeagatik zigortu gintuzten. Akabo. Akabo amets handienetako baten sorleku dena arraunlariontzat; segundo batzuez gozatu genuen ametsaz, bat-batean esnatu ginen arte.