Kronista bakartiaren bitakora
Behin Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitako nire kronista bitakora itxi eta hamar bat egunera, zenbait apunte eta hausnarketa plazaratzeko moduan naizela iruditzen zait. Anitza bezain estimulagarria izan da abuztuko egunek eskainia, eta badut zenbait ideia garatu eta datozenetarako antolakuntzari, publikoari zein neroni lagungarriak izango zaizkidan ohar zenbait argitaratuta uzteko gogoa. Ez baita artearen munduan bata bestearen antzekoa den festibalik, ez eta etengabe aldatzen doan publikoaren artean entzule berdinik. Guztion apetitua ezberdina da; batek nahiago lehen platera, hark arrain ala haragia eta gozozaleok mahai buelta amaitzeko atera ohi den pastela. Denetik egon denez Easo Ederra musika klasiko deituz blaitu duen jaialdian, desio nuke hurrengo lerrootan gaziei zein gozoei erreparatu, etorkortasun handiegirik gabe, etorkizun oparo bat eraikitzeko izan behar baita hausnartzaile zein kritiko. Dena neurrian, pastelen gisara.
Atzerri – Herri. Hona hemen fundamentuzkoa deritzodan ardatz bat Hamabostaldiarentzat. Entzuniko ia hamar kontzertuetan, gure mugez haratagoko zenbait artisten talentuaz gozatzeko aukera izan dut. Hortxe azpimarratu beharrekoak Alexandra Dovgan gaztearen Scriabin heldu eta harrigarria. Itzela Sokolov handiaren dizipulu izendatuak eskaini zigun errezitala. Nabarmentzekoa, kanpotik etorritako orkestren artean, La Scala opera entzutetsukoek Kursaalean oparitu ziguten arratsa. Oraindik burutik ezin kenduta darabilzkit Tchaikovskyren bosgarren sinfonian proposatutako kolore paletak, tempo inflexioak, nabarmentze kolosalak. Errebelazio hutsa Riccardo Chailly mitikoaren batuta mugimendua. Jaialdiak bere baitan hartu beharrekoak ditu galaxia musikal gorenetatik ukituta datozen musikari hauek, etxean dugun talentu lokalarekin orekatuz eta beraien arteko sinergia osasuntsuak eraginez. Horixe nabaritu genuen esperantza handirik gabe entzun nuen Carmen operan. Ilusio eskasa sortzen zidan opera titulu hiperezagunaren taularatze berri batek. Nire belarrien gozagarri izan ziren, ordea, Euskadiko Orkestrak zein etxeko puntako abeslari zenbaitek –Miren Urbietaren maisutasuna, tartean– erakutsitako nibela eta profesionaltasuna. Edota Easo Abesbatzaren taldeek Viktoria Eugenia antzokian proposatu ziguten haurrentzako opera dibertigarri bezain didaktikoa. Badago harribitxirik euskal kantuan eta Hamabostaldiaren moduko ziklo bati dagokio berauei leku ematea eta pizgarri gisa jokatzea beraien ibilbideetan.
Badira egin litezkeen milaka kontu, Hamabostaldiaren aro berri bat indartzeko. Utzi behar baitiogu beti entzunikoa mitifikatzeari. Zenbat musika ote dago kaxoietan? Zenbat istorio kontatzeke, orri piletan?
Probintzia – Hiri. Argia eta jakina da, bere izenak iradokitzen duen gisan, Donostian zentratu ohi dela Donostiako Musika Hamabostaldia. Egin nahi nuke, bigarren bloke honetan, probintziara –probintzietara, hobekiago– jaialdia gehiago hedatzearen aldeko aldarri xume bat. Opera egunean sumatu nituen zenbait hutsune edota Arantzazuko kontzertuan ikusitako jende andana kontenplatuta, zera nioen, neure artean: badela agian hiriburura iritsi ez, baina musikaz gozatzeko prest den jende bat. Ondare itzelaz inguratuta bizi gara Euskal Herrian eta badira milaka leku eder kontzertu bat jasotzeko gosetan. Zumarragako Antioko baseliza, Debako elizako klaustroa, Azkoitiko Intsausti jauregia, Beasaingo Igartza. Otutzen zaizkit eta botatzen ditut boteprontoan zenbait. Egia da Hamabostaldiak badituela hiritik at burutzen diren ekintzak eta are egiagoa da aipaturiko lekuetan urtean zehar gauzatzen direla musika zikloak. Hala ere, Dovgan gaztea behin ekarrita, zergatik ez errepikatu kontzertu gogoangarri hura Altzon ala Legorretan? Beste kontu bat da agian oraindik ez dela lortu probintzia hirira hurbiltzea. Autobus zerbitzuen erabilera sustatzea –Kursaal Eszenan egiten den gisan–, abonu berezien salmenta, eskolekin buruturiko programak. Ideia ugari aplikatu litezke, gipuzkoarrak zein euskaldunok Hamabostaldia geureago sentitu dezagun.
Mito – Mitifikazio. Ireki nuen IRUTXULOKO HITZAko lagunek azken hilabetean eskaini didaten tarte hau esanez nahi nituela musika klasikoaren inguruan sorturiko zenbait mito hautsi eta erauzi. Labore hori buruan izanda aritu naiz ordenagailu aurrean teklei joka. Ateak ireki asmoz, nire testuotan zerbait interesgarria eskaini nezakeenaren konbikzioz. Hamabostaldiak berak ere mitoak hausteko behar handia du. Errepertorioaren aukeraketatik hasi eta denboraldi oro errepikatu ohi diren zenbait bizio ezabatuz buka. Mozarten Requiem bikain bezain entzunak, hotz utzi zituen ikusleak Kursaalean. Edota Bizeten istorioa taularatzeko medioak ez ziren aski izan. Ikuslegoaren zati bati abegikor izatearen preziotan, beste hainbat aukera zaborretara bota ohi dira. Takilaren dependentziaz jakitun, badakit bai ez dela erraza ausardiaz jokatzea eta hamarkadetako hautsez zikinduta dauden egi totemikoak iraultzea. Tamaina erreduzitu eta titulu berritzaileak eskainiko dituen opera ziklo txiki bat. Bertako abeslariei leku egingo dien lied ziklo ibiltari bat. Badira egin litezkeen milaka kontu, Hamabostaldiaren aro berri bat indartzeko eta datozen dozena bat urteei bultzada berritu bat eskaintzeko. Utzi behar baitiogu beti entzunikoa mitifikatzeari. Zenbat musika ote dago kaxoietan? Zenbat istorio kontatzeke, orri piletan?
Agurtzen naiz, bada, irakurle izan zaretenoi eskerrak emanez. Kontzertu osteko pentsamendu bakartiak plazaratzeak eskainitako kontsolazioz, pribilegiatu sentitu naiz berauek partekatzean, kolektiboari nire alea ematean. Horretan jarraituko dudalakoan, ikasturte berri on!