'Kuadrilla 4ever'
Amodio erromantikoan ematen diren biolentzei buruz jorratu dugu, bai eta genero erlazioak disekzionatu ere. Ez diogu garrantzi hori eman, ordea, kuadrillen barru ematen diren dinamikak aztertzeari. Gure espazioetan lagunak daude erdigunean, lagunekiko maitasuna komunitatearen oinarri dugu. Hala eta guztiz ere, lagunak jainkotzeko joera mantentzen dugu maiz. Nahiz eta hasiera batean laguntasuna maitasuna esploratzeko leku askeago bat izan, askatasun hori ardura falta bilakatzen da askotan. Euskal Herriko kuadrilla askoren funtzionamenduak hau islatzen du.
«Euskal Herrian, kuadrilla baten parte ez izateak, askotan, suizidio soziala dakar; ez dugu aipatutako leialtasun bortitz hau debaldetan defendatzen»
Kuadrillek txikitatik genero banaketa zurruna egiten dute, salbuespenak salbuespen, pertsona transok leku gabe utziz. Pertsona transontzat, tokia dugunean, kuadrilletan ematen diren genero dinamikak bereziki bortitzak izaten dira. Tradizioari jarraiki, kuadrillak bizitza osorako kontratuak bilakatzen dira. «Nire kuadrillakoek ez naute ulertzen» edo «ez dut pertsona hori gogoko, baina tira, kuadrillakoa da» gisako adierazpenak normalizazio osoz entzuten ditugu. Gu geu erlazio horien gaineko erabakiak hartzeko gai ez bagina bezala. Egia esanda, pertsona asko ez gara gure bizitzako pertsonei mugak jartzeko gai. Ez dut talde presioaren eragina arinkeriaz hartu nahi, ordea. Euskal Herrian, kuadrilla baten parte ez izateak, askotan, suizidio soziala dakar; ez dugu aipatutako leialtasun bortitz hau debaldetan defendatzen. Dena den, gure lagunekin dinamika hobeak sortzea ardura kolektibo zein indibiduala da.
Kuadrillen baitan ematen diren bizipenak aldaera asko ditu. Noski, ohartzen naiz kapitalismoaren menpe sare egonkor bat ziurtzat hartzeak sekulako babesa ekar dezakeela. Baina zer nolako zaintza praktikak errepikatzen dira sare iraunkor hauetan? Zer nolako jarrerak idealizatzen ditugu aspaldi galdutako egunerokotasunaren izenean? Beste behin, komunitate bila, familia nuklearraren ispiluan geure buruak islatzen saiatzen gara, irudi distortsionatuta behin eta berriz jaso eta errepikatzen.