Kudeaketaren kale itsua
Donostiako alokairu sozialeko pisu berrien eraikuntza, Osakidetzaren gainbeherari aurre egiteko ospitalearen handitzea… Emantzipatzeko zailtasunak eta Osasungintzaren —eta osasun sistema osoaren— gainbehera dira agian azkenaldian gehien entzuten ditugun kontuak. Donostiarrok ere ez gara bi arazo hauetaz salbu. Hasi da EAEko hauteskundeetarako lasterketa, eta horrekin batera, mota guztietako promesa antzuen garaia. Hauei aurre egiteko alternatiba gisa aurkezten dute alderdi politiko guztiek euren burua. Egun bizi dugun bizi mailaren dekadentziari esperantza kontrajarri nahi diote, baina nola? Nola da posible borrokarako grina zabaltzea eta aldi berean borrokarako baldintzen ezabapenari ez erantzutea?
Prentsako lerroburuetatik urrun, gure muturren aurrean ematen ari diren beste zenbait aldaketez ari naiz, nahiz eta hauteskunde kanpaina osoan zeharka pasatuko direnaren susmoa izan. Gizarte otzan eta despolitizatua lortzera bidean ematen ari da eskubide zibil eta politikoen ezabapen progresiboa, pobreziaren kriminalizazioa, kontrol mekanismoen eta errepresioaren areagotzea, testuinguru militarraren areagotzea… Europa osoan gertatzen ari den estatuen biraketa autoritarioak, banku eta enpresa handien etekin ekonomikoen hazkundea bermatu bitartean —adibide garbia Kutxabank, Laboral Kutxa eta Iberdrolak 2023an irabazien marka historikoak egin izana—, gero eta gehiago zailtzen du hauen aurka burutu beharreko jarduna.
Ez pentsa abisatzen ari ez direnik: Europako Batzordeko burua, Von Der Leyen, gerrarako aukerei buruz hitz egiten ari da, Espainiako Gobernua 2024rako azken urteetako gastu militar handiena prestatzen ari da, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 2024rako aurrekontua %5,9 igo du, historiako ustezko gobernu progresistenak indargabetzea zin egin ondoren, Mozal Legea mantendu du (EAEko indar politiko nagusien inplikazioarekin) eta protesta soziala erreprimitzeko balio duen zigor kodearen erreforma ere aurrera eraman du.
Donostia ere eredu garbia da: Europako Funtsek finantzatuta, Renfek berak bideozaintza adimendun sistema ezarri du 190 geltokitan —Hernanin, esaterako— eta 2026rako 600 geltokitan jartzea da helburua; ez dirudi Donostia horretan salbuespena izango denik. Bertan ere, Donostiako Udalak 240.000 euro inguruko inbertsioa egin baitu kamera inteligente berriak ezartzeko, Europako Batasuneko diru laguntzekin. Guztira, 350 kameratara sarbidea dute udalak eta Udaltzaingoak, eta horiei Ertzaintzak dituenak gehitu beharko litzaizkieke.
Kudeaketa eredu bat edo bestez hitz egiten digute, baina joko zelaia bat eta bakarra da, eta bertan ez dago langileon antolakuntza independenterako tokirik. Honetaz guztiaz eta gehiagoz hitz egiten egongo gara martxoaren 16an Egian kokatutako Donostiako Zentro Sozialistan egingo diren Jardunaldi Politikoetan.