Kulpa zuritik at
Erasoak pairatzen dituztenen eta erasotzaileen lekuak inbertitzea biolentzia estruktural baten aurrean ematen den erantzuna desaktibatzeko modu erraza da. Erasotzaileen sentimenduetan atentzioa jartzen badugu eta salaketa nola bizi duten azaltzeko detaile eta deskribapenetan bueltak ematen baditugu badirudi, bat-batean, biktima bera bihurtzen dela, kaltetutakoa. Hala nola, euskal ezkerretan askotan hartzen dugu bide berbera, gure zuritasunaz kontzientzia hartuz, gure erruduntasun eta konplizitateaz ohartarazten gara askotan gure sentimenduen garrantzia aldarrikatzeko, pertsona arrazializatuen biolentzien gainetik. Lagunari arrazistada bat bota duela esateak antsietatea ematen dit, edo txikia sentitzen naiz, ai, zelako zama zuria eta antirrazista izatea. Beste hainbeste fenomenori bezala, honi ere pertsona arrazializatuek eta, konkretuki, beltzek eman diote izena, James Baldwin erabiltzen hasi eta gero: ingelesez, white guilt deritzo pertsona zuriok askotan instrumentalizatzen dugun ardura, erruduntasuna, hain zuzen ere, pertsona arrazializatuei zuzendutakoa.
Erruduntasun zuriaren (white guilt) plataforma gero eta handiagoa egiten da arrazakeriaren biolentziari erantzuna ematen saiatzeko. Pertsona arrazializatuen sufrimenduaren sentsazionalismoan eraikia, zuriok leku gero eta gehiago hartzen dugu arrazakeriaren inguruan besteen bizipenei buruz mintzatzeko, postura ideologikoak mantentzeko, edota kapital sozialaren bila, gure antirrazista aliatu sarien bila. Helburua ohi da beti gure ahotsak erdigunean mantentzea. Zenbatetan begiratzen dugu beste aldera «kolonialismo» hitza erabiltzen denean euskal zapalketari buruz hitz egitean? Euskal identitate bakarraren mitoa erosi eta erreproduzitzen dugu; zergatik ez dugu arazorik ikusten gure espazio «seguru» disidenteetan pertsona arrazializaturik ez egotearekin? Deserosotasun zuri hori euskal nortasun barnerakoiaz estaltzen dugu, askotan. Beste lekuetan arrazakeriaren ondorioak salatzeko ohitura azkarregi hartzen dugu, nahiz eta arrazakeriarekin lotutako interbentzio polizialak Donostian bertan nagusitu direla jakin, azken urteetan Txago kolektiboak Karrikaratu txostenetan jaso ohi duen moduan.
«Zergatik ez dugu arazorik ikusten gure espazio ‘seguru’ disidenteetan pertsona arrazializaturik ez egotearekin? Deserosotasun zuri hori euskal nortasun barnerakoiaz estaltzen dugu»
Arrazakeriaren aurrean gure sentimendu errudunak erdian jartzeko joera zuritasunak ematen digun baimena da. Biolentzien aurrean pauso bat hartu eta gure sentimenduetan pentsatzeko denbora edukitzea zuritasunak ekartzen duen segurtasunak ematen digu, eta segurtasun hori salatzeko ardura daukagu, aktiboki zuritasunaren aurka egiteko. Gure konplizitateaz arduratzea lehenengo pausoa da, baina ezinbestekoa da bakarra ez izatea, zuritasuna salatu behar dugu munduan eta diskurtsoetan hartzen dugun tokia neurtuz.


