Kultur hiriburu
Unai Gaztelumendi, bertsolaria
Espainiatik euskaldunoi buruz askotan entzun izan dugu dena politizatzen dugula. Askotan iruditu zait, asko jakin gabe kritikatu nahi gaituztenon arrazoiketa errazaren erakusle izan dela argumentu hori. Orain dena politizatzen dugun herriko hiriburu bat izango da Europako kultur hiriburu. Eta dena politizatzen dugula diotenek erabakia politizatu dute, politizazio zikina… Nola ote litekeen Bilduk alkatetza duen herri bat Europa mailako kultur hiriburu. Baten bat kontraesanean erori ote den nago. Denok erortzen gara noizbait, lasai. Hor azaleko hausnarketa txiki bat. Baina kezkatzen nauena ez da hori. Nire inguruan sumatu dudan galdera ikur handia baizik. Lehen 2016ko hautagaitzaren aurka ginen asko, ni lehenengoa. Eta orain galdera ikur handiak zer arraiogatik gauden hauteskundeen ondoren alde galdetzen dit. Izan daiteke agian orain nik defendatzen dudan kulturaren alde egingo ote duten konfiantza gehiago dudala. Uste dut udaletxean erregearen koadroa jarri zutenengandik baino, kendu zutenengandik gertuago dagoela nire kulturaren ideia. Ez dakit. Izan ere orain arte Donostian ofizialki bultzatu den kulturak gazteleraz eta ingelesez hitz egiten zuen, su artifizialak ikusiz helatua jaten zuen bitartean. Kontzertu handiak ziren kultura, Diario Vascok titularretan gogorarazten zizkigun kontzertu eta ekitaldi handiak. Turisten kamarak flashez elikatzen zituen kultura hura, bertakook pasiboki kontsumitzen genuena. Nik ez diot hori kultura ez denik, ez bedi gaizki ulerturik izan.Baina hori da guk Europari, munduari, erakusteko duguna? Hori Kordobak eta Zaragozak berdin-berdin erakuts dezakete. Donostiak badu bere berezko kulturarik, eta horrek bai, horrek nik bezala euskaraz hitz egiten du. Azken urte honetan Groseko Kortxoenean zenbat kultura jaio da inoren diru laguntzarik gabe? Bulebar eta Kontxatik kanpora auzoetan egiten diren kontzertu txiki, bertso saio, herri afari, antzerki, dantza… hori da guk eskaparatean jarri behar dugun kultura. Edo Piratek egiten dutena, bertakook aktiboki kontsumitzen duguna, parte hartuz. Nik argi daukat zein den munduari erakutsi nahi diodan kultura 2016an. 2016an, eta 2015ean, eta 2044an, eta 2020an, eta 2011n…