Kulturaren aterpeak beharrezkoak dira
Musikari baten ikuspuntua idazteko eskatu didate Eusko Jaurlaritzak kontzertuak mugatzeko zuen asmoaren harira. Baina nola iritsi naiz ni musikari izatera? Erantzuna sinplea bezain konplexua da: kantuak eginez eta kantuak joz. Non jo ordea? Hasiberria den umemoko talde batek ez du inoren laguntzarik, batetik bestera ibili behar da baldintza kaxkarrenetan jotzen, edozein lekutan. Guk gaztetxeetan, auzo jaietan, aretoetan, kalean eta tabernetan jotzen genuen, baita oraindik jarraitu ere. Hain zuzen, jotzea da nahi duguna eta gutxi axola izan zaigu non. Zein da bidea bestela? Tabakaleran urtebeterako erresidentzia lortzea? Kutxak zure ikasketak ordaintzea?
Tabernetan joz, kontzertuari jaramonik egiten ez dion jende asko ezagutu dut; buila artean instrumentuari soinu egokia ateratzen ikasi dut publikoa ez asaldatzeko; han zegoen jendeari isiltasuna eskatu izan diot, errespetua eskatu, pintxopote batean jotzearen sufrimendua zein den ezagutu dut. Halere, egon dira momentuak kontzertura kasualitatez agertu den jendea abestiak entzuten ikusi dudana, errespetu osoz, eta bukatzean zoriondu nauena diskoak erosiz eta guzti. Ezagutu ditut tabernari diruzaleak ostatura jendea erakartzeko musikadun ekitaldi ponposo bat antolatu dutenak, kontzertuari eta musikari kasurik egin ez eta ondoren gastuak ere ordaindu ez dizkigutenak, garagardoak edanez esfortzua ordainduko balute bezala.
Ezagutu ditut ere tabernari melomanoak, kanta eskaerak ere onartzen dituztenak, kultura maite dutenak, gustuko dutelako eta jendeari erakusteko musikariak eraman gaituztenak, eta egun horretan ateratako diruaren zati bat eman digutenak esfortzua balioztatzearren, afari eta guzti!
Kontzertu baten erdian udaltzainak sartu izan dira bizilagunen kexuei kasu eginez kontzertua moztera, isuna jarriz –goizak eta arratsaldeak noiz erabiliko ditugu jotzeko? Gauean lo dagoen jendeak aukera izan dezala kontzertuez gozatzeko!– eta udalak Donostia 2016 eta Olatu Talkaren barruan lizentziarik gabeko lokaletan kontzertuak antolatu ditu, eta guk jo.
Eta hau dena soinu ona eta errespetuzko publikoa zuten aretoetan ere gertatu zait. Helburua aretoetan jotzea bada, baina izen bat ez baduzu eta publikoa erakartzeko gaitasunik ez baduzu ez dizute deituko jotzeko.
Horrez gain, hau azpimarratu nahiko nuke nik; kalean edo edozein lekutan jotzeko aukerarik ez dugunez, isunak jasoko ditugula besteei gure kantak erakutsi nahi badizkiegu. Izan ere, isuna jasotzeko arriskatu diren tabernengatik gara gaur egun musikari.