Lan baldintza duinen alde
Dbizin hasi nintzen lanean, bizikletaren munduari lotutako guztia maite dudalako betidanik. Ilusio handiz hasi nintzen, baldintzak aldekoak ez baziren ere, laster urteko plus bat jasotzen hasiko ginela agindu zidatelako, gure soldata duintzeko (aparteko diru baten bidez finantzatuko genuen, eta udalak diru hori enpresari emango zion, erabiltzaile kopuru jakin bati lotutako helburu batzuk betetzeagatik). Enpresak hasieratik jasotzen du diru hori. Gainera, soldata KPIak egin ahala doituko zela jakinarazi ziguten (%18 inguru, hasieratik). Promesak baino ez ziren izan, enpresan daramatzadan ia hiru urteotan ez dugu ezer sumatu.
Aitzitik, hasi nintzenean, bederatzi langile ginen, 2.000 erabiltzaile inguru zituen zerbitzu baten eskaerak bete ahal izateko, eta 14.000 izatera iritsi da. Langileak bederatzi izatetik hamabi izatera pasatu ziren. Ez dago ordezkapenik: bi langile bajan daude aspalditik, eta dira ordezkatzen; gauza bera gertatzen da oporrekin. Hori gutxi balitz, furgonetak gidatzen ditugunok, gainera, egunero-egunero jasotzen diren deiei erantzun behar diegu, zerbitzuarekin duten atsekabea adierazten duten deiak, eta zeregin hori ez dator bat bide segurtasunarekin.
Urteak dira egunez egun gehiago eta gehiago gainditzen gaituen lan karga jasaten dugula.
Gaur egun, egoera jasanezina da. Galerak dituela argudiatuz, enpresak ez ditu behar diren materialak ematen bizikletak konpondu ahal izateko. Horren erakusgarri dira tailerrean egunero aurkitzen ditugun ia 100 bizikletak, udal biltegi batean dauden zero kilometroko ia 90 bizikleta elektrikoak kontuan hartu gabe, piezaz pieza desegiten joan direnak, ordezko pieza horiekin beste batzuk konpondu ahal izateko. Gure soldata 1.180 eurokoa da, astean 40 orduko lanaldi batengatik. Donostiaren moduko hiri batean gure soldata prekarioa denez, lankide batzuk lan bat baino gehiago izan behar dute, hilabete amaierara iritsi ahal izateko. Pena da Dbusek zerbitzua atzerriko kapitalen funts bati ematea, eta funts horren helburu bakarra ahalik eta etekin handiena ateratzea izatea, ahalik eta gutxien inbertituz. Bizikleta bat hartu edo bere langileetako baten nomina ikusi besterik ez dago, zertaz ari naizen ulertzeko.
«Funtsaren helburu bakarra da ahalik eta etekin handiena ateratzea, ahalik eta gutxien inbertituz. Bizikleta bat hartu edo langile baten nomina ikusi besterik ez dago, zertaz ari naizen ulertzeko»
Otsailaren 28an, udal osoko bilkura egin zen, eta bertan Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak Dbizi zerbitzuaren egoera ezegonkorraz hitz egin zuen, baita erabiltzaileen eta Dbiziko langileen etengabeko eskaerez ere. Gure alkatearen eta bere zinegotzi taldearen erantzuna entzungor egitea izan zen. Udal gobernuak berak bermatu beharko luke plegua osorik, garaiz eta behar bezala exekutatzen dela, baina, gaur gaurkoz, ez da hori bermatzen.
Horregatik dei egiten diegu Dbiziko erabiltzaileei eta baita Donostiako biztanleei ere, gure aldarrikapenekin bat egin dezaten, kalitatezko zerbitzu bat lortu eta langileon lan baldintzak duintzeko.