Langileen zaintza noizko?
Aspace garun paralisia edo antzeko asaldurak dituzten pertsonen babes beharretarako erantzuna eskaintzen duen elkartea da. Bertan, hainbat zerbitzu daude (hezkuntza, etxebizitza, eguneko zentroa…) eta elkarte hau profil hainbatetako langileek osatzen dugu. Azken urteotan, lan baldintza duinak zirenak, pixkanaka, murrizten joan dira.
Urteetan, ez digute soldata igoera esanguratsurik egin, eta, horrez gain, sektore bereko beste elkarteekin alderatuta, lan baldintzetan okerrago gaude.
Hitzarmena beste erakundeen lan baldintzetara gerturatzeko beharra ikusita, eta hori berritzea tokatzen zenez, zuzendaritzarekin negoziatzen hasi ginen. Zuzendaritzarekin urtebetez negoziaketetan egon ondoren, lortu ziren hobekuntza bakarrak legedia aldaketarekin etorri ziren eta blokeatuta gelditu ginen.
Negoziaketa blokeatua zegoenez, langileok greba egunak egitea erabaki genuen. Dagoeneko, sei greba egun egin ditugu, eta eman diren negoziazio aurrerapausoak grebarekin batera iritsi dira.
Sei greba egun egin ditugu, eta eman diren negoziazio aurrerapausoak grebarekin batera iritsi dira
Mobilizazio hauen bidez, zuzendaritzak eta zerbitzuaren arduradun diren erakunde publikoei (Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Osakidetza) eskatzen diegu gure lana baloratu dezaten. Funtsezkoak ginen pandemia garaian eta ahaztuak sentitzen gara ondoren.
Gure aldarrikapenak ez dira bakarrik lan aldarrikapenak, gureak ere kalitatezko zerbitzu bat emateko aldarrikapenak dira. Ezinbestean inbertsioa egon behar da zaintza esparruetan gure zerbitzua kalitatez eman ahal izateko.
Arreta zuzeneko profesionalok egiten dugun lanaren aintzatespenak erakunde honen oinarria izan behar du, beti pentsatu izan dugu Aspaceren ondare handiena bere profesionalak garela eta jakina, aldi baterako langileak ere; lehen, baloratuagoak sentitzen ginen orain baino.
Azken batean, gure haserrea adierazi nahi dugu Aspaceko zuzendaritzari eta zerbitzuarena ardura daukaten erakundeei. Zaintza lanak baina garrantzitsuagorik ez luke egon behar gizartean eta horrela sentitu beharrean, kontrakoa sentitzen dugu.