Lasaitasunaren burrunba
Danbor hotsak isildu, eta beharbada, baten bati hasi zaizkio barneko tanbor-kupel-eta instrumentu guztiak martxan. Pum-pum-pum, tarero tarero, bakarra munduan… Danbor hotsak isildu baina martxan jarraitzen dute barruek urduritu egiten gaituelako, sarri, lasaitasunak. Urduritu lasaitasunak. Paradoxa. Kalanbrea. Baina, askorentzat, errealitatea.
Lasaitasuna ezinegon bihurtu, eta horregatik hasiko zen gutako norbait urtarrilaren 20ko parrandari jarraipena emango dion hurrengoa diseinatzen; horregatik, norbait, 365 eguneko atzera-kontaketa egiten hasi, eta gogoa hurrengo urteko sansebastianetan jartzen; horregatik, norbait, bigorexiak jota sansebastianetako gehiegikeriei aurre egin nahian, dieta-kirol programatuan etengabe pentsatzen. Izan ere, kanpoko danborrak isilik sentitzen baditugu ere, barrukoek beti egiten digute burrunba. Izan urtarrilaren 21ean, martxoaren 26an, edo urriaren 17an. Arnasa sakon hartzeko goi tentsioko kableetan pausatzen garen izakiak gara, eta ez gara ohartzen oin azpietatik korrontea igarotzen dela. Pausatuta ere, mugimenduan gaudela. Eta hau esanda, pentsatuko du inork gehiegi orokortzen ari naizela; denak ez garela zaku berean sartzen eta lasaitasunak ez duela esanahia bera guztiontzat. Baina, orokortzeetara jotzeak duen arriskuen jakitun izanik ere, esango nuke lasaitasuna ez dela teorian praktikan dena: lasaitasunaren esanahia zein den jakinda ere, zaila zaigula, nolabait, hori praktikan jarri, eta lasaitasunaz lasai gozatzearen hori. Bestela, esan, nork ez zuen izan urtarrilaren 21eko jai egun hartan danbor burrunbarik barruan?
Orainean lasai bizitzea zaila zaigu askotan, orainean baino, etorkizun eta iraganean dugulako burua. Orainean bizitzea zaila zaigu, oraineko lasaitasuna etorkizuna den galdera ikurrean bilatzen dugulako askotan. Zaila zaigu, oraineko lasaitasunaren sustraiak iraganean erroturik sentitzen ditugulako sarri. Finean, orainean bizitzea zaila zaigu lasaitasunak urduri sentiarazten gaituelako. Lasai bizitzera ohiturik ez gaudelako.
Baina ostirala da gaur, eta Irutxuloko Hitza duzu parean. Saltseatu orriok lasai, eta plazerrez irauli oraina. Eta, kasualitatez burua atzoan edo etorkizunean sentitzen baduzu, ongi etorri 2019ko (k)alanbreetara.