Latsaria VOXen mitinean
Aurreko ostiralean Loiola telebistan azaldu zen. VOX alderdi ultra eskuindarraren mitinaren harira sortutako istiluek zeresana sortu zuten. Googlen «Loiola vox» bilaketa egiten baduzue, segituan ikusiko dituzue kontainerrak sutan ageri diren irudiak. Baina gaur Irutxuloko Hitzako lagunek eskaintzen didaten espazio honetan hainbeste zabaldu ez den beste irudi bati erreparatu nahiko nioke.
Loiolako ibai ertzeko paseotik ibili bazarete, ezagutuko duzue Dora Salazar eskultorearen latsaria. Latsarien plazan dago, ibaira begira, auzoan urte luzez lanean aritu ziren emakume horien guztien oroigarri. Ostiralean VOXen mitinean plazan egon zen loiolatar bakarra izan zen. Faxistei bizkarra eman zien ordea, baina soinean zeraman ortzadarraren banderak argi uzten zuen horien gorrotoaren diskurtso ilunak lekurik ez duela gure auzoan.
Garbigailua asmatu zenetik, etxean garbitzen dugu arropa Loiolan. Baina kalean garbitzeko ohitura ez dugu galdu loiolatarrok. Arroparen ordez arrazismoa, homofobia, matxismoa eta faxismoa garbitzen ditugu gaur egun. Besteak beste, Latsarien plazan antolatzen ditugun ekimen koloretsuen bidez. Izan ere, gure auzoa latsari auzo bat da oraindik ere.