Lau asmo eta helburu handi bat
Bukatzear den agintaldiaren hasieran, Donostiako EH Bilduk lau ideiatan bildu zituen bere asmoak hirian euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko:
Alde batetik, euskalgintzarekin lankidetzan jardutea genuen asmoa, eta horretan aritu gara Bagerarekin, Dbusen markesinetako publizitatearengatik, edota Donostia Kulturaren ikastaroak euskaraz izan daitezen; Añorgako ikastolarekin eta auzotarrekin, hirigintza egitasmoaren eragin linguistikoa dela eta; euskaltegiekin, euskara ikasteko diru laguntzak handitzeko; Alde Zaharreko euskara batzordearekin, establezimenduetako hizkuntza paisaia dela eta; Altzako Bizarrain elkartearekin, udal zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidearengatik; euskarazko hedabideekin, publizitate instituzionala dela eta; edota Txillardegi liburutegia elkartearekin, donostiar aditu handiaren aitortza lortzeko.
Gure xede nagusia izan da hiriaren eta udalaren euskalduntzea eragitea. Euskalgintzarekin izandako harremanek erakusten dute zeintzuk gai landu ditugun. Horiez gain, proposatu dugu: adostea nola eutsi hirian sortu ziren Euskaraldiko 2.000 ariguneei; euskara ikasteko doakotasuna C1 mailara arte izatea; zergak eta tasak ere euskararen erabileraren mesedetan jartzea; Donostia Kulturaren euskarazko antzerki eskaintza handitzea, eta Zinemaldian euskararen presentziak hazkunde jarraitua izatea; zaintza antolatzea udalaren barruan, euskararen erabilera ezartzen duten arauak eta jarraibideak betetzea ziurtatzeko…
Hori guztia egiteko, elkarrekin aritzea proposatu izan diogu udal gobernuari, akordio politikoak bultzatzea baita gure eredua. Horren adibide, proposatu genion elkarrekin egitea udalbatzaren euskalduntzea eragiteko ildoaren diseinua eta horren ezarpenaren jarraipena. Ez dago horrelako plangintzarik inon, baina EH Bilduren ustez, Donostiak, beste askotan bezala, egin dezake udalbatza euskalduntzeko plan bat, udal taldeokin batera, eredugarri eta bide erakusle izango dena beste hiriburuentzat. Egia esatera, nahi baino gutxiagotan lortu dugu adostea udal gobernuarekin.
Beste aldetik, EH Bilduk euskaraz gehien egiten duen udal taldea izaten jarraitzen dugu, zer hobetua badugun arren. Aipatu ere gure taldea izan dela euskara gaiak landu dituen bakarra; tira, ez, baita PP ere, baina horiek eraisteko asmoz aritu dira.
Edonola, ez dugu etsiko, jokoan dagoena handiegia baita: euskaraz biziko den Donostia.