'Lau martxa'
Xabier Otaegi, pailazoa
Hirurogeita ez dakit zenbatgarren urteko festa baten amaieran Agur Jaunak kantatzen ari ginela Goardia Zibilaren jeep pare baten bisita izan genuen. Gehiengoak aho batez kantatzen zuela ikusteak polizien susmoa piztu zuen eta jaialdiaren arduradunari haren letra emateko eskatu zioten. Honek, ez zekiela baina nahi bazuten musika kantatuko ziela erantzun zienez, gaua casa-cuartelean pasa behar izan zuen. Donostiako martxarekin ere horrelako zerbait gertatuko litzatekeela esango nuke, denok ezagutzen dute musika, baina askok ez dakite letra osoa. 1883 aldera Raimundo Sarriegi maisuak konposatutako doinua letra egokiz apaintzeko asmoz, La semana aldizkari donostiarrak proposatutako bertso lehiaketan, hiru egilek aurkeztu zituzten obrak. Epaileek ez zituzten onartu, ez zuten haien ustetan Sarriegiren doinua laguntzeko nahikoa kategoriarik. Euskal Erria aldizkariak, 1884. lehenengo alean, norenak ziren azaldu gabe halaxe argitaratu zituen: San Sebastian-en martxa: “Gaurdegu… bai, bai/ Gaurdegu… bai, bai, bai./ Gaurdegu jaunak, San Sebastian, bai, bai./ Gu gerade irtengeranak, goiz-goizetik kalera./ Musika adi’naz, atabala juaz, lo daudenak esnatu aztera … Bai, bai./ Gaurko egunakin, umore onakin,/ goiz eta artzalde tanboliñarekin/ zezenak dirade jokatzen sokekin/ usario zarra galdu ez dediñ. Ez dediñ./ Gabaz ere zezen-suzkoarekin/ jolasten gerade, gaztiak zarrekin./ Nola ez bizi orlako festakin?/ Biba Donostia bere lege zarrekin”. Donostiako patroiari: “Au poza… bai, bai, bai./Au poza… bai, bai, bai./ Urte guztiyan geuden pozez/ egun ona au etortzeko/ goizetik gabera, nor bere aldera,/ umore onez dibertitzeko, bai, bai./ Pesta jai chit ona, Donostiyarena da /gaurko eguna, San Sebastianena./ Pesta-jai chit ona, Donostiyarena,/degu patroi San Sebastianena, larai-larai./Pozteko triste dauden barrenak,/ kantari dabiltza aur denak, denak./ Uzteko alde batera penak,/ soñuba ugari ta sokadun zezenak”. San Sebastianen martxa: “Eguna da, jaiki, jaiki./ mugi denok, denok mugi,/ gaitezen degu, eguna ona./ Goazen, goazen guztiok/ soñu ta kantakin erdi lo daudenak esnatzera denak./ Gaur ze egun dan dezaten jakin, jakin./ Gaur da eguna, chit maite deguna, gure San Sebastian, gure San Sebastian./ Gaur baita eguna, maitatzen deguna,/gure erriko patroiarena, gaur, gaur, gaur./Erriko eguna dala banatzen,/ goazen banatzen, goazen banatzen./ Erriko eguna dala banatzen,/ goazen banatzen, goazen banatzen“. Sarriegi plazan etxe bizitza erosi zuen nire adiskide Jabierrek ere ez zuen inoiz martxaren letra ikasi. Direla urte batzuk, udalak plaza berregokitzean, Jabierren leihoari begira jarri zuen Sarriegi maisua laguntzen duen danborjolearen estatua eta honen aurrez-aurre gaur egun kantatzen den Donostiako martxaren letra. Harrez gero, Jabierrek dionez, gauean handik pasatzen diren parrandari gehientsuok, danborrariaren parean planto egin eta letra oso-osorik kantatzen dute gau ibilerak afinatutako ahots zalapartatsuz. Serafin Barojak idatzitakoa dugu oraingo martxaren letra “ofiziala”. Jabierrek dagoeneko buruz ikasi duenez El Urumea aldizkariak 1884an argitara eman zuen lehenengo letra eskainiko diot, orain egokitua dugunarekin konparaketak egin ditzan. Halaxe osatu baitzuen Serafin Barojak: “Bagera! gure bai./ Kalera! nora nai./ Beti pozez! Beti alai!/ Sebastian bakar bat da zeruban,/ ta Donosti bakar bat munduban./ Zer santuba ta, zer erriya ta /zer gaur egun guziko alegriya!/ Iruchuloko gaztelupeko,/ Josemaritar zar eta gazte/ Josemari emiakin nazte, / kalerik kale,/ tanborra juaz, umore ona banatzen or dijuaz./ Gaurtandik gerora penak sokora,/ Festara!/ Dantzara!/ Donostiarrai oju egitera gatoz,/ Iñaute, iñauteriak datoz!”.