'Le petit Paris'
Le petit Paris. Hala deitzen zaio Donostiari, antza, hiriburu frantsesarekin duen antzekotasunaren erruz. Termino hau beti izan da lotua belle époque-eko Donostiarekin, nolabait burgesiaren eta eliteen mesedetara eraikitako hiriaren ideiarekin. Antzekotasuna duten bi hiri direla onartua dagoen arren, hala al da?
Alderatzen hasten bagara, egia esan Parisi erreferentzia egiterakoan denoi datozkigu burura Champs-Élysées, hiria zeharkatzen duten hiribide eta etorbide zabal eta luzeak, eta erdiguneko eraikinek duten arkitektura elegante eta homogeneoa. Donostian, Askatasunaren hiribidean eta, oro har Cortazarren zabalgunean dauden kale eta etorbideen zabalera, ordena eta eragin frantseseko eraikinen tankera dira Frantziako hiriburuaren ideia erreproduzitzen dutenak. Biek ala biek bota zituzten euren harresiak zabaltze prozesuari ekiteko, baina tira, Paris ez da soilik Champs-Élysées, are gutxiago Haussmann, Donostia soilik bere zabalgunea edota Cortazarren hiri eredua ez den moduan.
Haussmann jauna, Sena Departamenduko prefeta izan zen XIX. mendearen azken erdian, eta besteak beste, Paris erdiguneko langile auzo historikoak eraitsi, eta egun ezagunak ditugun etorbide luze, dotore eta elitistak sortzeagatik da ezaguna. Cortazar, Haussmannen ereduari jarraiki, Donostiako zabalgunea eraikitzen hasi zen 1867tik aurrera. Finean, biek helburu bera zuten: elite ekonomikoaren eta burgesiarentzako espazioaren egokitzapena ematea.
Albo kalteak imajina ditzakegu: langileriaren kanporatzea hiriko periferietara. Eta hor, hiriguneetako etorbide zabal eta dotore horietatik at, hasi zen eguneroko Paris eraikitzen. XX.mendean industrializazioaren eraginarekin batera, Paris aise eraldatu zen berriz ere, eta Donostiak, bere tamainan, hala egin zuen ere.
Donostian ere badugu gure banlieue propioa, Parisek bezalaxe. Lan bila zetozen horien migrazioa jasan zuen hiriak, langileriaren zati handiena periferietako eremuan kokatu zuten, eta bizi eredu pobrea ere hiriaren parte bihurtu zen. Parisen iparraldea da gure ekialdea. Guk ere baditugu gure Saint-Denis edo Billancourt propioak, espazioaren dotorezia eta ordena baino, industriaren interesen arabera sortutako espazio eremuak. Donostiak Parisen antza izango du agian, baina ez soilik luxuzko etorbide zabaletan.