Legoak eta kukuak
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Umetan Legoekin jolasean pasatzen genituen arratsaldeak. Piezak bata bestearen gainean jarriz, ametsetako eraikuntzak eta errakuntzak egiten genituen, koloreak nahasiz batzuetan –eta kolorez nahastuz askotan–. Gaua iristerako, ordea, eraikitakoarekin aspertu eta amorruz berdintzen genituen lurrarekin berriro. Eta hurrengo egunean berdin. Eta baita hurrengoan ere. Gero eta eraikuntza dotoreagoak egiten genituen, baina denei falta zitzaien zerbait: bizitza. Urteak pasatu dira ordutik, eta utzi genion ametsetako etxeekin jolas egiteari. Lego kutxak ganbarako armiarmaren baten bizitoki bilakatu ziren behinola. Baina badirudi oraindik badela horiekin jolas egin nahi duenik. Aski da egunkarietako titularrak irakurtzea. Francok urtegiak inauguratzen zituen bezala, eraikuntzetako sarreretako zintak mozten dituzte egungo politikariek. Bulegoetan diseinatutako jostailuekin argitzen dizkigute begiak egunero. Baina, hurrengo egunerako ahaztu egiten dugu bezperakoaren izena –askotan ingelesetik mailegatua, euskarazkoak nahiko dotorezia izango ez duen beldur akaso?–. Eta hala pilatzen dira izenak gure memorian, egunkariak zakarretan bezala, bata bestearekin nahasita. Inauguratzen eraikin horietako asko zertarako eraiki ziren jakin gabe husten direlako, agian. Joan zen asteko egunkarietan inaugurazioek baino leku gehiago hartu zuten husteek, ordea. Bilbon, Errekaldeberrin, Kukutza gaztetxera joan ziren ertzainak, bertan zeudenak ateratzeko asmoz. Legoaren mundu honetan, batzuetan kosta egiten baita ulertzea etxe barruan dagoena hormak baino garrantzitsuagoa dela. Are gehiago kontrolaezina denean. Kosta egiten da batzuetan ulertzen kultura ez dela porlanetik sortzen, lanetik baizik. Kulturak testuinguru osoa behar baitu: sortzailea, antolatzailea eta bere ingurua. Kukutzak hori ematen zuen, eta baita hori baino gehiago ere. Euskal Herriko beste dozenaka gaztetxek ematen duten bezala. Autogestioa mingarria da, ordea, itzaletan uzten duen politikariarentzat. Kontrolatu ezin duenarentzat. Eta norbaitek esango du okupazioa ez dela bidea, jabetza errespetatu egin behar dela… Baina arazoa ez da okupazioa. Arazoa, Legoaren mundu honetan okupazioa aukera bakar bihurtu izana da. Kukuak beti arrautzak bereak ez diren habietan jarri beharra, udaberriari kantatuko badio.