Lehen arreta, egoera larrian
Duela bost urte hasi nintzen lanean erizain gisa Osakidetzako lehen arreta mailan. Hasieratik, osasun zentroetan egoera ez da erraza izan, baina egia da azken urteotan okerrera egin duela. Gehiegizko gainkarga jasaten ari da eta mediku, erizain eta bestelako osasun langile askoren falta dago. Joaten naizen osasun zentro guztietan kexak daude, bai langileenak bai pazienteenak.
Baliabideen murrizketa ugari izan dira; aurrekontu murrizketek eta osasun profesional gutxiago kontratatzeak zuzenean eragiten dute gure lanean. Nire iritziz, gaur egun dugun arazo handiena pertsonal falta da, batez ere medikuena. Paziente kopurua oso handia da, eta osasun zentro batean mediku bat falta denean hau ez bada ordezkatzen, mediku horren pazienteak besteen artean banatu behar dira. Honek paziente bakoitzari denbora eta arreta gutxiago eskaintzea eragiten du. Horrez gain, medikuarekin zita hartzea ezinezkoa denez, itxaron zerrendak luzeak direlako, erizainekin hartzen dute. Horrek esan nahi du lehen medikuek egiten zituzten prozedura batzuk orain erizainok egiten ditugula, hau da, gero eta lan mota gehiago egin behar ditugu, inork horretarako prestatu ez gaituen arren.
«Osasun profesional asko oso nekatuta eta erreta gaude, eta gero eta gehiagok planteatzen dute lanez aldatzea»
Mediku eta erizainez gain, administratzaileekin ere lan egiten dugu, eta haiek dira pazienteekin lehen kontaktua izaten dutenak. Hauen esanetan, jendea gero eta agresiboagoa da, modu txarrean zuzentzen dira, eta dena momentuan konpondu nahi dute, batez ere, pandemiaz geroztik. Gehienetan, zita hartzeko itxaron zerrenda luzeez eta plantillan aldaketa ugari izaten direnaz kexatzen dira. Ez dago jarraipen egonkorrik profesional berdinarekin, eta gure funtzioetako bat da pazienteak ezagutu eta jarraipen egokia eskaintzea, baina etengabe aldatzen gaituzte tokiz. Horregatik eta, oro har, lan baldintza gogorrengatik, osasun profesional asko oso nekatuta eta erreta gaude, eta gero eta gehiagok planteatzen dute lana aldatzea.
Beraz, dauden arazo handienetakoak langile falta, lan karga handia eta itxarote zerrenda luzeak direla esango nuke. Hau guztia hobetzeko ezinbestekoa da prestakuntza eta baliabideak eguneratzea eta estrategia egokiagoak eskaintzea. Gobernuak inbertsioa egin behar du lehen arreta mailaren egoera hobetzeko eta baita azpiegiturak berritzeko ere. Arrazoi hauengatik guztiengatik, garrantzitsua iruditzen zait gizartea mobilizatzea eta bihar Donostian osasungintzan baldintza hobeak eskatzeko egingo den manifestaziora hurbiltzea.