Lehendabizi, haurtzaroa
Urte askoan, haurrak babesteko eremuan lan egin dut. Esperientzia gogorra izan da, baina, aldi berean, atsegina; izan ere, egunerokotasunean berretsi egin da pertsonek beren egoera pertsonala hobetzeko duten gaitasunaren inguruan dudan iritzia, betiere baliabide eta laguntza egokiak eskaintzen bazaizkie. Eta, aldi berean, honako hau egiaztatu dut aldi horretan: bai umeek bai gurasoek motibo nahikoak dituzte dauden egoeran egoteko, mota guztietako arazoekin; arazo horiek, ume eta/edo nerabeen kasuan, haien garapen fisikoan, emozionalean, kognitiboan eta sozialean dute eragina.
Bai ikasketen eremuan, bai lanbide-eremuan, haurrei modu sistemikoan begiratzeak esleipenen banaketa bidezkoa egitea inplikatzen duela ikasi dugu; izan ere, ikuspegi horretatik, balorazio ulerkorra egiten dugu eta, hala, erantzukizunak eraginpean daudenei -kasu honetan familiei, alegia guraso eta seme-alabei- egoztea sustatzen duten balorazio sinplistak ekiditen ditugu.
Aurreko gogoetak aintzat hartuta, nabarmendu nahi dut COVID-19-aren pandemiak eragindako osasun-krisiak eta oso bereziki ekonomikoak nolako eragina izaten ari diren etxe kalteberenetan, pandemiaren aurretik pobrezia-arrisku handiaren eta gizarte-bazterketaren eraginpean zeuden eta, pandemiaren ondoren, egoera are larriagoan dauden etxeetan. Ume eta nerabeak dira egoera horretan kaltetuenak; izan ere, arduratuta bizi dira, etengabeko segurtasunik ezean, beren gurasoek ezin dizkietelako oinarrizko beharrak asetu. Egoera horretan ezin dira beren interesetan zentratu (jolasaz gozatu, ikasteko motibatu, lagunekin harremanetan egon), eta, kasu askotan, antsietate-maila handiak eta sintomatologia depresiboak dituzte.
Faktore askok dute eragina umeen ongizatean, baina ekonomikoa funtsezkoa da, eta COVID-19aren pandemian, esaterako, hezkuntza-arloan, aukera-berdintasunik eza egiaztatu da; izan ere, familia-kopuru handi batek ez du baliabide teknologikorik (Interneta, ordenagailua), eta jatorri sozioekonomiko desberdina zuten ikasleen artean aurretik bazeuden desberdintasunak ageriago geratu dira.
Pobrezia ez da saihestezina; hautaketa politiko bat da, aberastasunaren banaketarekin dauka zerikusia, eta gobernuek (Estatukoa eta Euskadikoa) betebehar morala eta etikoa dute haurren eta nerabeen ongizatea ziurtatzeko. Ezin dute bide eman Euskadin 142.000 etxetan umeak pobrezia-arrisku handiko edo gizarte-bazterketako egoeraren eraginpean egoteko (Save The Children-ek 2020ko otsailean emandako datuen arabera).
Haur eta/edo nerabeen aukera-berdintasuna bermatzen duten estrategia publikoak antolatu behar dira; izan ere, hasieran esan bezala, haiek egoerak gainditzeko gaitasun erresilientea dute, baldin eta segurtasuna eta, kasu honetan, baliabide ekonomikoak eskaintzen dizkieten laguntza eta baliabide nahikoak eskaintzen bazaizkie.