Leiho eta balkoietan
Hilabete pasatxo lau hormen artean. Bakarrik, familian, edo lagunartean. Umeen zaindari, helduagoen sostengu, ondokoen babesgune, zein gure buruen makulu; edo zergatik ez, guztien etsai. Berrogei eta piko egun, ordu asko dira konpainia berarekin egoteko; maitasunez gainezka egin, eta odola borborka hasteko. Emozio eta pentsamendu gehiegi nork bere gain hartu eta haiek kudeatzen ikasteko.
Beste pertsona batzuen konpainian bizi garenok norberarentzako une eta espazioa topatu beharrean aritu gara egun hauetan zehar; geure barruak entzun, eta haiek mimatzeko gogoz. Erabateko pribatutasunean bizi direnek, berriz, bestelako pentsamenduetan murgiltzeko beharra izan dute, eta ziur aritu direla horretan, ez baita erraza buruan dabilkigun horri guztiari tarte ematen egotea etengabe.
Konfinamenduak denok egoera berera eraman bagaitu ere, egoera hori modu ezberdinean bizi dugu denek; denok kaltetu gaitu era batean edo bestean, norbere eta bestearen zeru zatiak ezberdin bihurtzeraino.
Egoera horietan, eguzki izpi bakoitzean sentitzen dugu beste batzuen euri tanta, eta kalanbrez betetzen zaigu gorputza sentsazio kontrajarriak gorpuztuz. Sentsazio horiekin lotaratu eta esnatzen gara, gaur irria dena bihar ezinegon zaigula, eta etzi, malko. Horrela gabiltza, kateaturik, nork bereari eutsi, ekin, eta zaintzeko arduran ingurukoez ahaztu gabe. Eta zama da hori. Bakarrik zein taldean bizi. Horregatik estimatzen ditugu egunotan, deskonexio une, balkoi, eta leihoak. Askatasun gune sentitzen ditugu, askatasuna zer den jakingo bagenu bezala. Baina, eskerrak horri.
Sentsazio horiek kudeatzearekin nahikoa lan ez, eta espero ez genituen erabakiak hartzeko beharrak ere sortu zaizkigu, horrek batzuei dakarkigun ezinegonarekin. Horiekin nahikoa ez, eta hainbat asmo, lan, zein plan bertan behera uzteko beharra ere sortu zaigu, horrek harekin dakarren frustrazioarekin. Izango du birusak horren errurik, baina, esango nuke badela eragile nagusiagorik: egunero boterez jazten den hori, pertsonon bizitza albo batera utzi, eta arreta kapitalean jarri duen hori. Sistemak aurrera ateratzeko modua aurkitzeko saiakeran alboratu gaituzte, bizitzak alboratuz kapitala erdigunean jarriz. Beste behin ere. Eta bazterretan dituzten/gaituzten beharra zenbatekoa den argi geratu bada ere, diru hotsaren atzetik itsu dabiltza. Beste behin ere.
Hau dena aldatzen saiatzen garen bitartean, guk, titereok, balkoi eta leihoetan ezkutatzen jarraituko dugu, geure buruak zaindu ezean, ezinegon eta barne borroken esklabo egingo gaituztelako. Beste behin ere. Zaindu, eta eutsi. Balkoi eta leihoetan ikusiko dugu elkar.