Lekuko isilak
Xabier Arzelus, idazlea
Gauerdi ilunean inork ikusten ez gaituela usten badugu ere, asko dira Donostiako kaleetan gure urratsak arretaz begiratzen dituzten izakiak. Kasu batzutan, herensugeak eta animaliak dira; gizaki antzekoak, beste batzutan. Badira ere artean zenbait mamutzar, erdi-landare, erdi-abere diren horietakoak… Duela egun gutxi, Irutxuloko Hitzaren orrialde hauetan, Viktoria Eugenia Antzokiaren kanpoko aldean dauden musikarien irudiak aipatu zituzten. Hauetatik oso gertu, aurrez aurre Urumearen beste aldean, Ramon Maria Lili kaleko lehenean eta bigarrenean hiruna irudi dauzkagu: ate gain bakoitzean burdinazko-metalezko bi giza-aurpegi, lehenengo atearen gainekoak Eolo jainkoaren itxura badu ere, putz egiten ari dela baitirudi. Eta ate bakoitzaren bi aldetara bi giza aurpegi, bigarren etxearen kasuan gizonezkoak gerra-kasko eta guzti duela. Hurrengo irudiak aurkitzeko ez dugu asko ibili behar, Peña y Goñi kaleko lehenean beste gerlari baten irudia aurkitzeaz gain, 4 zenbakian greziar antzeko bost buru ikusiko baititugu, bostak irribarretsu. Inguruotan izaki izugarriren bat ikusteko, aski izango dugu Usandizaga kaleko 23ra eta 25era heltzerakoan lehenengo balkoi ilararen azpirantz begiratzea; bertan “bizi” baitira landare-begidun itxurako zazpi zomorro. Gros atzean utzi eta ibaia berriro zeharkatu ondoren, Prim kalea da, zalantzarik gabe, arlo honetan ustekaberik handienak eskaintzen dizkigun kalea. 7an, esaterako, metalezko bi grifo edo herensuge mitologikoak daude eta, 17an, bi aurpegi eder. Pixka bat aurrerago, 21ean, bi aingerukoteren irudi potoloak. 23ko ateak inolako irudirik ez duela badirudi ere, oso ikusgarria da tinbreek daukaten metalezko ohola, goi aldean aurpegitxo polita duena. Ikusgarriak dira ere 28ko ateak gainean duen aurpegi “greziar klasikoa”. Eta, Prim kalean ez badago ere, bertatik ikusten den Larramendi kaleko lehen etxearen atari ederra azpimarratu behar da: Berton –ate gaineko lehoi izugarriaz gain– neurri naturalak dituzten emakumezko baten eta gizonezko baten figurak ikusiko ditugu, bakoitzak “kariatide” edo “atlas” baten modura eraikin osoa lepo gainean eusten dutelarik. Jakin ahal izan dudanez, aipatu atlas hori landu zuen eskultoreak, Donostiako Madriltxo baserrikoa zen eta beso sendoak zituen Eleuterio Sarasola gizon indartsua hartu zuen modelo edo eredu modura. Eta familian Euleterio bezala ezagutzen zutenaren biloba batek kontatu digunez, bere aitona zena sarritan – eta alfer-alferrik, antza– ahalegindu zen Larramendi kaleko atarian “kariatide” titidun ederraren irudirako modelo izan zen emakumea eskultorearen estudioan “naturalki” eta zuzenean ikusten…