'Lekurik ilunena'
Azken urteetan ika-mika piztu izan da Espainiako futbol Kopako finala jokatu duten bakoitzean, kirolarekin zerikusi gutxi duen gai batengatik, hain justu; partida hasieran jarri ohi duten Espainiako ereserkiarengatik, alegia.
Zoritxarrez, Reala aspaldi ez da tamaina horretako kirol hitzorduetan izan, baina Athletic eta Bartzelona finaletan izan dira azken urteetan, eta talde horietako zaleek txistuekin isilarazi dute ereserkia, nazio propio bat aldarrikatzeko. Espainiako telebista publikoko lehen kateak errealitatea ezkutatu nahi izan zuen 2009an, Valentziako Mestalla futbol zelaian jokatutako final hartan. Hain zuzen ere, giroko soinua kenduta, Athletic eta Bartzelonako jarraitzaileen txistuak isilarazi zituen. Egun batzuk geroago, Espainiako telebista horretako kirol saileko zuzendari Ricardo Castellanos kendu zuten kargutik, zentsura egon zenaren seinale.
Lau urte geroago, aurtengo finalak ez zirudien ika-mikarik sortuko zuenik, joan den ostiralean jokatutako partidak Madrilgo bi talde nagusiak aurrez aurre jarri baitzituen Espainiako hiriburuan, Santiago Bernabeu futbol zelaian; Real Madril versus Atletico Madril. Eta hala izan zen, ez zen istilurik gertatu ereserkiari dagokionean.
Patuak, baina, Espainiako ereserkia isilarazi zuen Intxaurrondon eta Altzan, txistuen beharrik gabe; hain zuzen ere, bi bazter horietan argindarra joan zen 20:30ak aldera, eta 22:00ak arte ez zen itzuli. Arazoa konpondu zutenerako, finala lehen zatiaren bukaeran zegoen, Espainiako ereserkia entzutetik urruti.
Argirik gabe geratzea inoiz ez da atsegina, baina egon ziren arazoa pozik hartu zutenak. Itzalaldiak, ordea, ez zuen eraginik izan min handien egin zezakeen lekuan. Sarea konpontzen zuten bitartean, argi sorgailu propioek argindarra eman zioten Intxaurrondoko Guardia Zibilaren koartelari. Han, bai, ereserkia entzun zuten, baina ilun jarraitu zuen kasernak. Izan ere, herri honen historiaren txoko ilunenak ezin eta ezingo baitira inoiz argiztatu, ezta sorgailu indartsuenekin ere.

