Lerro gutxitan
Nire curriculuma lerro gutxitan idazten dela esaten dit beti lankide ohi batek, eta ez du arrazoi faltarik. Kontua ez da esperientzia falta dudala, gutxi mugitu naizela baizik. Kazetaritza ikasketak bukatu eta Berria egunkarian izan nuen lanbidearekin lehen harremana urtebetez. 2008ko ekainean bukatu nuen Andoainen, eta uztailean hasi nintzen Irutxuloko Hitzan, 23 urte nituela. Ez dizuet esango erraza denik tokiko komunikabide batean lan egitea, Donostiari buruz egunero euskaraz informatzea, bitarteko gutxirekin ahalik eta onena egiten saiatzea… aizu, baina egin dugu, egiten dugu, eta geroz eta hobeto gainera.
Hamar urte eta erdian ez dakit zenbat izango ziren elkarrizketatu ditudan herritarrak, kubritu ditudan ekitaldiak, kontsultatu ditudan artxiboak, eta idatzi ditudan lerroak, baina asko izan dira. Batzuetan oso gustura geratu naiz egindakoarekin, ez hainbeste beste batzuetan, eta hanka sartu dudala ere badakit. Zenbat San Sebastian egun, Aste Nagusi, hauteskunde kanpaina, San Tomas… zenbat tentsio une, barre algara, negar malko, abesti, bazkalosteko tertulia, haserre eta zoriontasun. Asko ikasi dudala ez dut zalantzarik, bidean topatutako guztiek eman didate zerbait, eta harro asko esan dezaket kazetari egin naizela denbora tarte horretan.
Izenak maiz aldatu dizkigute guztiei ere, baina betirako gordeko dut «Señor Estotxo» deitu zidaten egun hura… eta nola ahaztu maletadun gizonaren bisita! Enpresa erostera zetorrela pentsatu genuen bere janzkerarengatik, baina promozioko bi aterki baino ez zituen eraman!
Odon Elorza alkate zela iritsi nintzen, Juan Karlos Izagirre ezagutu nuen, eta Eneko Goiarekin agur esango dut. Eskerrik asko handi bat nire ondoan izan ditudan kazetari mundial eta gainerako lankide eta proiektuaren partaideei; eta besarkada estu bana lagundu didazuen guzti-guztiei, eta ezagutzen ez ditudan harpidedun eta irakurle horiei.
Istorio honetan idatzi ditudan lerro zuzenak okerrak baino gehiago izan direlakoan, lasai noa.