Liberal edo absolutista, Donostiako burgesia kapitalista beti boterean
Gauza jakina da Donostiako historia garaikidea 1813ko sarraski eta suntsiketarekin hasi zela. 1813an, “Konstituzioa” aldarrikatu zuten Cadizen orduan “progresista” esaten zitzaien “liberal” haiek, eta Estatua ulertzeko bi ideologiaren arteko talka gertatu zen: liberala eta absolutista. Liberalismoak zekartzan maiorazko eta kaperatasunaren amaiera, Elizaren ondareen (eta herri lurren) desamortizazioa, Foruen desagertzea, aduanak Ebrotik kostara pasatzea, derrigorrezko zerbitzu militarra. Besteek, berriz, nobleziak eta lur jabe handiek, haien erregaliak mehatxupean ikusi zituzten. Eta elkarren aurkari bihurtu ziren. Horrela, Donostiako burgesia alde batetik eta Gipuzkoako noble absolutistak eta Eliza bestetik, elkarren aurka jarri ziren.
Liberalismoarekin, Donostiako burgesia merkatariak hidalgiaren eta “odol garbitasunaren” eskakizunaren desagertzea ezagutu zuen eta, horri esker, burgesia donostiar horretako kideek, batzuk bertakoak zirenak eta beste batzuk kanpotik etorriak, udaleko kargu publikoak bereganatu zituzten. Orduz geroztik eta gaur egun ere, beraien eskuetan daude.
Donostiako burgesia horrek sortu zuen 1820an Sociedad Patriotica de San Sebastian edo Tertulia Constitucional La Balandra delako taldea, Josa Manuel Collado Parada donostiar oligarka buru zutela. Hiriko merkatari aberatsak ziren talde horretako kide: Rafael Etxague, Fermin Lasala Urbieta, Brunet anaiak, Eustasio Amilibia, Elias Legarda, Berminghamtarrak, Joaquin Calbeton, Joaquin Maria Ferrer, Claudio Anton Luzuriaga eta beste. Agerkari bat ere bazuten, El Liberal Guipuzcoano izenekoa. Merkatari eta tratulari familia horiek endogamikoak ziren eta haien artean ezkontzen ziren, horrela negozioak eta ondasunak handitzeko eta biderkatzeko.
Gainera, lobby edo eragin talde boteretsua osatzen zuten. Kontrolpean zituzten bai udala bera, bai Merkataritza Batzordea, eta beren aginduak betetzera mugatuta zeuden erakunde horiek. Donostiako Udala talde horren zerbitzari bihurtu zen, haien morroi leialak ziren udal ordezkariak eta, gaur ere, zoritxarrez, horrelaxe jarraitzen du erakunde horrek, botere kapitalistaren zerbitzuan.
Aipatu dugun La Balandra taldeak aldatu zion izena Plaza Berriari: Plaza de la Constitución jarri zioten… espainiar nazioa goraipatzeko eta beraien espainiartasuna demostratzeko herriaren aurrean. Bitxia da, baina Donostiako Plaza Berrikoa da Constitución izenari eskainitako plaza edo kale bakarra gaur egun Gipuzkoan. Bizkaian bat bera ere ez dago. Espainiako Estatu osoan, aldiz, badira hiru mila baino gehiago! Bestalde, esan beharra dago euskaldunontzat lotsagarria dela Konstituzio plaza hori geure hizkuntzan errotulatzea. Estatuko inongo konstituziotan ez da euskara hitza bera ere agertzen.
«XIX. mendetik datozen botere horiek jarraitzen dute agintzen […]. Botere hori eskuetatik joaten ari zaiela ikusten badute, gerra deklaratzen diote herriari boterea berriz eskuratzeko, 1936an gertatu zen moduan»
Hizpide ditugun burges haiek, beren jardueretan, hainbat negozio sustatzen zituzten: banketxeak sortu, trenbideak, errepideak, eraikuntza, hirigintza, merkataritza, armadoreak, esklaboen trafikoa… Haien ondorengo eta oinordekoak, bigarren belaunaldikoak, pertsonaia nabarmenak izan dira: Fermin Matxinbarrena Etxabe, Joaquin Calbetonen semea zen Fermin Calbeton Blanchon edo Fermin Lasala Collado, esaterako. Arbasoen jarraitzaile fidel, negozio guztietan sartuta zeuden: bankuetan, komertzio ganberan, higiezinen promotoretan, kasinoetan… Gainera, politikan eragile nagusiak ziren; udalean, Batzar Nagusietan, diputazioan, ministerioetan edota Senatuan ere sartuta zeuden.
Fermin Lasala Collado Mandasko dukeak Fermin Lasala Urbieta zuen aita; ama, berriz, Rita Collado, Jose Manuel Colladoren arreba. Pertsonaia hori estatuko gizonik aberatsena izan zen bere garaian. Bere aurrekoak bezala, mila negozioren kudeatzailea izan zen; politikan aritu zen diputatu, ministro, enbaxadore, senatari… Antonio Canovasen adiskide mina zen. Bere aitak bezala, Foruak desagertzea defendatzen zuen. Zahartu zenean, “El problema del regionalismo, en hora funesta resucitado” esaten zuen… Abertzaleak, garai horretarako, agerikoak ziren.
Lasala Collado Antxo baserriaren (bere amarena jabetzapekoa) ondoko herri lurrez, padura guztiez jabetu zen hutsaren truke, eta Pasai Antxo herria eraiki zuen, egundainoko negozioa eginez. Hori bai izan zela pelotazo borobila! Pasai Antxoko eliza eraiki eta San Fermini dedikatu zion. Horrela, San Fermin Lasala santu egina gelditu da!
Gaur egun ere, XIX. mendetik datozen botere horiek jarraitzen dute agintzen. Orain ere, manipulazio mediatikoa erabiltzen dute herria kontrolatzen jarraitzeko. Botere hori eskuetatik joaten ari zaiela ikusten badute, II. Errepublikan gertatu zen moduan, gerra deklaratzen diote herriari boterea berriz eskuratzeko, 1936an gertatu zen moduan. Badakite beraien irakurle eta ikus-entzule gehienak, baita sareetako jarraitzaileak ere, analfabeto funtzionalak direla, alienatuta daudela eta, beraz, ez direla gai gauzak bereizi eta pentsatzeko. Agian, egun batean, herria esnatuko da eta bere lekuan jarriko ditu, baina gure belaunaldiak ez du hori ezagutuko.