Xabier Lopetegi: 'Light'
Xabier Lopetegi, Kazetaria.
Light joera dugu nagusi aspaldian. Badugu esnetik gutxi duen esnea, eta ekologikotik bat ere ez duten bio etiketadun produktuak. Badugu azukrerik ez den azukrea eta kafea ez den kafea. Baditugu ideologiarik gabeko alderdi politikoak, karismarik gabeko guruak, esanahirik ez duten hitz eta esamoldeak, eta inolako edukirik ez duten diskurtso prefabrikatuak. Baditugu ere kurbarik eta gorputz-ilerik gabeko modeloak, jainkorik gabeko erlijioak, eta kristalik gabeko betaurrekoak.
Aurrelaririk eta hegalekorik gabeko futbol taldeak ere baditugu, pentsa. Reala Elxen, esaterako. Izan ere, aspaldian dabil bera ere light modak kutsatuta. Jokalari jatorrak dira txuri-urdinak. Txintxo itxurakoak, gutar edo gutartuak, planta onekoak, etxerako modukoak. Teknikoki, klase ertain-altuko taldea osatzen dute. Badute baloia ondo tratatzeko eta jokaldi txukunak marrazteko gaitasuna.
Futbola, ordea, hori baino askoz gehiago da. Eta hortik aurrera, oso gutxi du Realak. Abiadurarik ez. Buruz-burukorako trebetasunik ez. Intentsitatea eta bizitasuna ere, apenas. Eta zer esan nortasunari buruz… Zenbat aldiz ez ote dugun zaleok faltan sumatu Karpin, De Pedro edo Zamora bezalako jokalarien falta. Talde ahula da mentalki. Erantzukizuna bizkar gainean hartzeko prest dagoen liderrik gabekoa.
Sailkapena aipatu izan da Elxeko partida negargarria justifikatzeko, normala omen delako, soka lepoan izanda, Elxek Realak baino adore handiagoa erakustea. Ez nago ados. Realak denboraldi osoa darama gatzik gabe. Zuloan zegoenean, arnas pitin bat hartu zuenean, eta baita arriskua urrundu duenean ere. Salbuespenak salbuespen, ez du partida biribil bakar bat ere egin, hasi eta buka. Are gehiago, orduak eman ditzakezu bere jokoari begira, sofatik edo eserlekutik altxaraziko zaituen deus ikusi gabe.
David Moyesek, aldiz, ez du light trazarik. Ozen asko hitz egin ohi du eskoziarrak. Eta ozen asko esan ere arazoa ez dela motibazio falta, kalitate falta baizik. Itxura guztien arabera, ez dago batere gustura jokalari askoren mailarekin. Denborak esango du bolo-bolo dabilen udako hori benetako iraultza, ala light kutsuko erreforma den.