Lokatza
z dut gogoratzen zein izan zen momentu zehatza. Zein izan zen eguna, nire buruari oinutsik putzuetan sartzea ukatu niona. Zein momentutan erauzi ote nion zoriontasun puska bat nire gorputzari.
Elkarbizitzarako bete beharreko arauak irakasten zaizkigu txikitatik. Are zorrotzago aludun jaio ginenoi. Zer den egin daitekeena eta zer ez. Baina esadazue, zer kalte egiten dio bati ondokoa lokatzetan sartzeak? Zorionekoa, bere askatasun faltaz ohartuko bada.
Ez hitz egin horren altu. Eserita. Aurrera begira. Aulkia kulunkatu gabe. Geldi. Isilik. Eskola bada arau horiek guztiak betearazten dituen espazioa ere. Eta metodologiak pixkanaka aldatzen ari diren arren, gure gurasoen garaitik hona, ikastetxeen egitura bera, espazioa, ez da askorik aldatu. Espazioen egitura betikotzeak aldaketa zaildu besterik ez du egiten. Eskola naturara gerturatzea, espazio irekiak erabiltzen hastea ezin da izan soilik birusagatik defendatuko dugun neurrietako bat. Eskolak eraldaketa ezinbesteko baitzuen pandemiaren aurretik ere.
Naturak gure bizitzetan duen garrantziaren erakusgarri, itxialdian ateratzea onartzen zitzaigun orduetan goraino betetzen genituen inguruko naturguneak. Baina iritsi da ezohiko iraila hau, eta badirudi ahaztu dugula hura. Iritsi da ira-hila. Iratzeak mendietan ohiko moduan gorrituko dira. Ikasleak lau pareten artean ipurdia aulkira itsatsita egoten ez al dira ohituko…
Lokatzetan sartu nahi dugu. Eskola aldatu. Irailean iratzeak ikusi, ukitu. Eta horretarako baliabideak behar ditugu. Momentuz, ez dirudi ez Jaurlaritzak eta ez Donostiako udalak borondate handirik dutenik eskolak lau pareten artetik ateratzen laguntzeko.
Eta gure buruei berriro ere putzuetan sartzea onartzen hasiko bagina?