Lore usaina
Dagoeneko aski dakiguna esaten hasiko naiz: udaberri betean gaude. Pixkanaka inguratzen ari zaigu ikasturtearen sasi-helmuga, udazkenean egin behar genuela esan genuenaren zati handi bat bidean utzi dugu, eta gehienoi ez zaigu gehiegi axolako; baliteke goizeko ordubiak heltzean zertxobait gehiago. Baina, niri behintzat, azkar ahazten zait eguna luzatzen eta argi orduak pilatzen hasten garenean.
Pixkanaka aterako gara gure kobazuloetatik, kobazulo prekario, garesti eta desegonkorretatik. Desestazionalizazioa banderatzat duen hirian askorentzat denboraldiko kobazulo diren horietatik. Kobazulo berrien bila dabiltzan horiek izan dezatela, mesedez, hemen ezohikoa den zorte hori (besterik ez zaigu geratzen eta).
Hala ere, ez da dena tristura eta samina izango. Neguan zaindutako landareak loratzen hasi zaizkit, ikusi ditut auzoko leihoetan geranioak pixkanaka loretan; etxeetan ez ezik, kalean ere loreak. Grazia egiten didate edo gustatu egiten zaizkit kaleko lorategietan sartu eta loreak hartzen dituzten andreak. Polemikoa izan daiteke, inoiz esan izan didate denon loreak hartzen ari direla, zuzenegia denak denok «ordaindutako» loreak direla esango luke. Norberarentzat gela bat moduan, norberarentzat loreak direla pentsatzea gustatzen zait. Begira egoteko loreak, zaintzeko loreak. Porlan eta hondakin artean elkarri loreak oparitzea, lorategiak eraikitzea, hori bai erradikala.
Loreek gauza askotarako balio dute, igandean ere loreak jaso ditzakegu, etor daitekeenak ilusio pixka bat egiten dit. Leihotik udaberri usaina besterik ez da sartzen azkenaldian.
Eta ez da beste munduko ezer, edo agian bai, baina hau izan da azken urteetan izan dudan irakaspen handienetako bat. Probatu, hartu denbora, jarri hezurrak eguzkitan eta miretsi neguan hainbeste buruhauste emandako landareak loretan, kolore bizitan.
Loreek gauza askotarako balio dute, igandean ere loreak jaso ditzakegu, etor daitekeenak ilusio pixka bat egiten dit.
Leihotik udaberri usaina besterik ez da sartzen azkenaldian.