'Lost in Succesion'
1650. urtean Diego Velazquez margolariak Inocencio X.a aita santuari egindako erretratu ederra erakutsi zionean, zera aurpegiratu zion artistari: “Troppo vero!” (lar egiati!). Aita santua pinturaren kalitate apartarekin liluratuta zegoen, baina erretratuaren egiatasunak mina eman zion, bere keinu zorrotz eta despotikoa errealismo osoz marraztu baitzuen.
Mendeak joan dira, eta gauzak ez dira asko aldatu. Gure agintariek fikzioa dute nahiago erretratu egiazkoak baino, tira, guk Instagramen egiten ohi dugun bezala. Photoshop apur bat hemendik, musika eder bat bestetik, eta Tiktokera zuzenean; adeitsu, hurbil eta modernoen itxurakerian.
Egungo aktualitate tolesdun, azkar eta populista ulertzeko fikziozko obrak efikaz egokitzen zaizkit, betiko komunikabide interesatuak baino. Nekez aurkitu dezakegu koherentzia pixka bat alkategaien estrategia berrietan, denak inprobisazio hutsa dirudi. Lost telesailean bezala, denetik promestu ondoren espektatibak ezin ase, zuk amets egin duzulakoan sinetsi arte.
Multibertso komunikatibo zoro honen gailurrean Euskadiko Alderdi Popularra dugu. Organizazioaren buruzagi madrildarrak ETA eta ILEGALIZAZIO hitz bortitzekin ari diren bitartean –Borja Senper tartean–, Borja Corominas hautagaiak “gauza txikien alkatea” izan nahi duela dio. Hitz infantil eta esperpentiko horiek Juan Carrascorenak dirudite, Vota Juan telesail eder eta barregarriaren protagonista. (Spoiler: bere gardentasunak espetxera eraman zuen).
Beste alderdian, Donostiako PSE-EEk profesionaltasunaren itxurapean ageri dira, esperientzi luzearekin harro. Baina, hamarkadak hiriko gobernuan izan ondoren, gauzak aldatzera datozen berritzaileen soinekoak sinesgarritasun gutxi du. Ziur naiz beraien burua Newsroom telesailaren protagonisten zintzotasun eta duintasunarekin irudikatzen dutela. Baina, jakin beharko lukete telesail horri beti leporatu diotela erakutsitako etika profesional txukuna guztiz idealizatuta zegoela, errealitatetik aldenduta.
Horietatik gertu Elkarrekin Podemos dugu. Hauek ere Newsroom-en epikotasuna zuten gogoan, baina Succession telesail gordinaren antza hartu dute. Gure egungo arazoen –zeitgeist, alegia– erradiografia zabala egiteko nahian, buruzagi izateko barne borroken zaratak asmo onen gainetik sendotu dira, nortasun gabeko amalgama suertatuz; trama agortuak ez dute denboraldiak berritzeko balio.
EH Bildu alderdiaren kasua bitxia da. Nahiz eta izenburua aldatu, hamarkadak daramatzate arrakastatsu, zale sutsuei esker. The Good Fight telesail bikaineko sortzaileen antzera, oso erradikalak dira –zentzu onean, errora doazelako– gaurkotasuneko gaiekin, eta gero jolasean zeharka ibiltzeko atrebentzia dute. Honela ulertzen da Juan Karlos Izagirreren comeback-a egitearen ausardia. Iraganeko izarrek egungo ikusle berriak ez dituzte bereganatzen; PSE-EEkoek ondo dakite, eta Odon saihestu zuten.
Azkenik, EAJ dugu prime time-n. Betiko saioa, etxekoa, egonkorra, telurikoa, amaigabea… Goenkale-rekin alderatzeko tentazioari amore emango diot: nahiz eta hasieratik saio zaharkituaren kutsua izan, gidoilariek denboraldi berrietara egokitzeko abilezia erakutsi dute, protagonistak modu random-ean agertuz, profil baxukoak baitira. Urkullurekin gertatzen den moduan, bistakoa da Eneko Goia guztiz ordezkagarria dela: gidoiaren biraketa trebeak kontrolpean izanda, argumentua eta pertsonaiak bigarren mailako balioak dira; azken uneko Deus et machina batekin zerua menderatzera eramango zaitu.