LQNTCDD
«Salimos a pasear»; «Hay que ir a por ellos»; «Alguien que le de fuego a todo el edificio donde vivan»; «La solución es echar a toda la monegrada»; «Mano abierta y al río, no saben nadar» edo «¿Quién para repartir hostias?».
Horiek dira LQNTCDD edo Lo que no te cuentan de Donosti plataformako txatetan ageri diren espresioetako batzuk. Gero, segurtasunaren aldeko elkarretaratze pazifikoak bilatzen dituztela entzungo diogu norbaiti, baina fantasiak kenduta, gisa honetako astakeriak botatzen dituen jendilaje hori da astez aste diskurtso arrazista garbi batekin mobilizatzen saiatzen ari dena gure hiriko kaleetan.
Segurtasun gabeziaren aitzakiapean, magrebtarren aurkako gorroto diskurtsoa ari da nagusitzen plataforma honen baitan mugitzen ari den jendearen artean. Juventud Combativa talde faxistak argitara eman duen azken bideoak edo LQNTQDD taldeko administrariak Gasteizen, Iruñean, Madrilen eta Bartzelonan txat talde berdinak sortu izanak erakusten duen moduan, talde ultraeskuindar eta nukleo faxistak dabiltza mobilizazio hauek elikatu nahian.
Jakina da zenbait pertsona kezkatuta egon daitezkeela hirian eman diren hainbat lapurreta eta istiluren kontura, hori hala da. Baina horrek ez lioke inori bide eman behar komunitate oso baten estigmatizazio eta kriminalizazioa aurrera eramateko, eta tamalez hori da nagusitzen ari den jarrera. Datuak datu, Donostia estatuko eta Europako hiri seguruenetakoa da, eta segurtasun gabeziaren inguruan sortu den alarmismo izugarri honek, bestelako interes batzuei erantzuten die.
«LQNTCDD gisako taldeen jarrerak gizartean ematen ari den erantzun erreakzionario gisa ulertu behar ditugu. Haratago joan ez badira, kalean eman zaien erantzun irmoagatik izan da»
Agian, segurtasuna etengabe predikatzen duten horiek, euren buruari galdegin beharko liokete ea konparagarria den euren egoera, hainbeste kritikatzen dituzten horiekin alderatuz. Zein segurtasun mota dute kale egoeran bizi direnek? Jatekorik ere ez duten eta ogi apurrak lapurtu behar dituzten horiek? Edo negu gorrian kalean edo goraino pilatutako etxebizitzetan lo egitera behartuta daudenek? Zeinen segurtasunaz ari zarete hizketan? Hemen batzuk muturreko pobrezian bizi dira, eta hori da arazoaren erro nagusia.
Ni ere kezkatu egiten naiz auzoko dendetan lapurtu edo kalean istiluak ematen direnean, baina are gehiago kezkatzen nau gizarteko talde zaurgarrienek egunerokoan bizi duten egoerak, eta horien aurka altxatzen ari den kriminalizazio arrazista guztiak. Hemen, arazoa batzuk hainbeste eta beste batzuk hain gutxi izatean datza, ez beste ezertan.
LQNTCDD gisako taldeen jarrerak probokazio saiakera gisa ulertu baino, gure gizartean ematen ari den eta gelditu beharra dagoen erantzun erreakzionario gisa ulertu behar ditugu. Orain arte haratago joan ez badira, kalean eman zaien erantzun irmoagatik izan da. Euren saiakera bakoitza arnasarik gabe uzten jarrai dezagun.