'Greziaz betea'
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Ai, Grezia Grezia… filosofoen kabi, antzerkiaren sustrai, zenbat kondaira, zenbat amets, zenbat pertsonai eta izen ezagun. Zenbat zenbat. Antzinako Grezia, Grezia Klasikoa, Kultura zikladikoa, Tebas, Tales Miletokoa, Anaximandro, Pitagoras, Sokrates, Hipokrates, Platon, Aristoteles, Iliada eta Odisea, Sofokles… Zenbat irla! Sei milatik gertu direla irakurria dut. Sei mila, imajinatzen ilaran jarriak? Zenbat zenbat. Bitan egon naiz bertan, ez sei milatan noski, bakar batzuetan baizik. Greziaz beteriko uneak haiek: Kreta, Hania, Naxos, Atenas, Korfu, Doukades, Kefalonia, Ithaka… paradisua etxean bertan egon daitekeela, tarteka, pentsatzen duten horietakoa izanik ere, zalantzarik ez erreserba egina dutela jainko eta jainkosek atrezzo zein oholtza, paradisua Grezian kokatzeko. Orain arte, bederen.Herrialdearen ezagutza sakonik ez dut, mundu borobil handi honena ere ez, aitor dezadan, baina gertutasunak hainbat mito bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duenez, Grezian, harrigarriak suertatu zitzaizkidan batzuk. Esate baterako, Atenas hiriburuko erdi-erdiko auzoetan, aspaldi ikusi gabeko jonki, eskale eta miseria zerien gizakien ugaria. Edota Atenaseko merkatuan arrain salmentan baino, gerra adierazpen argia gauzatzen ari direla pentsatzeko moduko orroak entzuten dira, oso ozen, postuz postu. Edota ilea moztu zidan –burukoa, bai, di-da batean izan arren– ile-apaintzaile hark kontatu zuen moduan nagusi den ortodoxiar erlijioko apaiz edo pope bihurtu ahal izateko diru asko eta asko behar dela, berak, pelukeroak, hori lortzea zuela amets, baina ezinean zegoen gizona, agi danez, niri bezalako ile mozketekin ez baitzen aberastuko. Greziera. Hizkuntza. Hori ere, harrigarria da, grezieraz hizketan entzutea, begirune osoz, txundigarria da, tarteka hitz edo izen ezagunen bat arrantzatuko duzu, baina zeharo arrotza egiten zaie gure belarriei. Ai, ai, ai, Grezia. Zure itsasoaren koloreak, zure zeruaren argiak, zure buzukien korden soinuak, zure olioaren arrasto urrezkoa feta zuriaren arrakaletan. Europako Batasuneko kidetzat onartu zuten, Tejerok, pistola eskuan, Kongresuan denok eserarazteko «koño!» diosala oihukatu zuen urtean –bost urte geroago “sartu” ziren tejerotarrak–. Euro-gunean sartu ziren gero greziarrak, beso-bete sirtakiz txoratzen–auskalo– gainontzeko europarrok bezala. Eta orain, hain zuzen, “familiko” finantza erakunde eta zorren interesen neurketalaritzaz arduratzen diren enpresa pribatu gutxi batzuk izoztu nahi dute Greziaren grazia. “Izoztuta daramatzagu egunak, asteak akaso” zioen Gaztelumenditar Beñatek duela gutxiko Loretopetiken. “Eta horrela iristen dira izotzak, hitz hotzak…”. Soldatak, ziztadak, ikastolak, Lasarte, Whitney, euskararen krisia, zituen aipugai…Ez zaio arrazoirik falta añorgatarrari. Hilabete latza izan bada honakoa. Bolada luzeari izen emango diona: “Hotzaila”, hotzak hila, hotzez zaila. Hau desgrezia!