'Hiru E.G.'
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Juan Karlos Izagirre alkateak kargua zin egin zuenean pentsatuko edo susmatu zuen, ez akaso gehiegi une hartan, oposizioan izango zituen talde eta zinegotziek berak gidatu behar zuen garai berriaren aurrean zer nolako jarrerak hartuko zituzten. Zin egin zuen egunean ez zuen ezagutuko, ezta urrik eman ere, Donostiako trolebus geltoki, alde guztietatik aztertuta, ezin ezerosoagoaren inguruan sortuko zen kalapita. Alkateak uros eta alegeraki aginte makila kalera jaitsi zuen egun hartan ez zituen akorduan Martutene, Txomin eta Loiola inguruneetan era hain bereziki larrian, klimatologiaren ondorioz bertako bizilagunentzat horren gertakari etsigarria sortuko zenik. Alkateak susmoa izango zuen behin eta berriz, eta berriz ere, galdetuko ziotela aginte makil hark esan nahi zuenaren eta bere Igeldotartasun eta Itsasalde «autodeterminazio» zale den elkarte-kide izatearen arteko balizko ezin ezkonduaz. Usainduko zuen ordura arte bere eguneroko bata txuriari egin beharreko adioak utziko zion arrastoaren beltza. Usainduko ote zuen, benetan? Loa nabarmen aztoratuko zion, donostiar ia orori beste, hautes-gauean alkate izateko bozka gehien berak poltsikoratu zituela berretsi zioneko albisteak. Juan Karlos Izagirre Igeldoko semeari Donostiako alkate egin zen eguneko prentsaurrean, hilabete batzuk aurrera, Aieten, Nazioarteko Konferentzia batean Annanekin kofia hartuko zuela esan izan baliote, prentsaurrea eten egingo zuen ezkutuko kamera aurkitzeko. Uneotan alkate izaten segitu ala ez aukeratzen utziko balio patuak, auskalo zer erantzungo zukeen Juan Karlos Izagirrek. Baina, alkatetza hartu behar zueneko unean ohartu izan balitz, oposizioan izan behar zituen taldeetako buruen E.G. siglek bat egiten zutela, ez zuen ametituko makila hartzea. Ez ziren Euskadi Gaztea, Eduardo Galeano eta Ernesto (Che) Guevara. Eneko Goia, Ernesto Gasco eta Erramun Gomez baizik. Trolebusaren geltokiarekin erakutsi dute, esandako eta idatzitakoek zenbat duten balio. Behin batian Loiolan, trolebus-estaziyua zala… Halaxe, horren aldeko izan ziren EAJkoak, baiki, idatziz, 2008. urtetik. Aldekoa ere Erramun Gomez Ugalde, hauteskundeetako hedabide aurreko hitz aspertuetan. Grabaturik dago. Gauza bera Donostiako PSE-EEko hainbat kidek. Idatzia dute. Atotxako trolebus geltokiaren alde bozkatu dute, ordea, Erriberakoa baztertuz. Zergatik, E.G.-tarrok? Beste ezer baino lehen eta funtsean, Juan Karlos Izagirrek gidatzen duen talde politikoarekin bat ez egitearren. Akabo. Gure hirira edo hiritik trolebusean edota kotxean sartu-irten den edonork argi asko ikusten baitu, bestela, zein den aukera erosoena, egokiena, logikoena. Alde guztietatik.
