Lupak
Unai Gaztelumendi, bertsolaria
Iritsi dira berriz ere hauteskunde garaiak. Iritsi dira berriz ere mitin luzeak, herritarrengana hurbiltzeko egindako ekitaldi hotzak, beteko ez direla jakinda egindako promesa zuriak, bakoitzak bere erara ulertzen dituen inkestak… Askotan izan dudan sentsazioa da bizitza etengabe bueltaka ari den gurpila dela, eta hauteskunde garaian askoz biziago izaten dut. Kanpaina oro aurreko urtekoaren kopia iruditzen zait. Baina hainbeste aldatzen ari den herri honetan, hauteskundeak ere aldatzen ari ote diren susmoa dut. Armak aldatu baitira. Arma batzuk isildu egin dira, beste batzuk hasi dira tiroka eta beste arma berri batzuk azaldu dira: Lupak. Lupaz begira egongo omen da Espainia Euskal Herriari. Filtro estu-estuko lupaz. Eta lupa horri komunikabideetan ezkutatzen dutena erakutsi behar diogu. Gure auzoak, gure herriak erakutsi behar dizkiogu. Erakutsi behar diogu nolako gazteria den gurea. Bere arazoak zein diren planteatu eta aurre egiten dakiena. Europan herri gutxitan egongo da hainbeste kolpe gogor jaso arren, oraindik ere, antolatzen jarraitzeko borondatea daukan gazteria. Bertsotan hara eta hona ibili naizenean Euskal Herriko hainbat gaztetxe ezagutzeko aukera izan dut. Eurentzat aukera handirik ez zegoen herri askotan gazteek hartu dute beren aisialdia antolatzeko erantzukizuna. Begira izango dugun lupa horrek ikusi behar du parrandazalea bezain langilea dela euskal gazteria. Erakutsi behar diogu bere hizkuntza maite duen herria dela gurea. Lekuko baten atzetik 2.500 kilometro korrika egin dituena. Ikusi besterik ez zegoen igandean nolako jendetza zegoen Donostian. Zenbat jende elkartu zen euskararen alde, eta zenbat jendek egin zuen lan borondatez, musu truk, halako festa handia behar bezala ospatu zedin. Ni behintzat asko hunkitzen nauen ekintza da Korrika. Txiki-txikitatik bizi izan dut eta gero eta biziagoa da korrika nire herritik pasatzean sentitzen dudan zirrara. N1-aren beste aldera begira jarri eta lekukoa noiz etorriko zain gauden bitarteko tentsioa eta behin korrika hastean sentitzen dudan emozioa ez ditu askotan sentituko lupatik begira dagoenak. Gure esku dago lupa horri zer erakutsi.


