Lur publikoa, norentzat?
Zubiri Manteoko DBHko ikaslea naiz. Gure institutuko patioa oso txikia da inguruko beste institutuek dutenarekin alderatuta, horren ondorioz, jolas garaian futbol eta saskibaloi zelaiak txandaka erabili behar ditugu. Ikastetxearen ondoan parke bat dago, baina unibertsitate bat hor eraikiko dutenez, desagertu egingo da.
Nire iritziz, gaizki dago lur publiko batean unibertsitate pribatu bat eraikitzea parean institutu publiko bat izanda. Askotan egiten ditugu parke horretan jarduerak, eta, proiektu honek horiek egiteko eskubidea kenduko digu.
Hasieran esan dudan bezala, gure patioa oso txikia da, eta, ikastetxea eta lurra publikoak direla kontuan izanda, nire ustez, oso erabaki ona izango litzateke jolastokia handitzea, eta hori da eskatzen dudana, parkeko lurrak patioa zabaltzeko erabiltzea.
Egia da proiektu hau oso erakargarria dela, eta askori gustatuko zaiela, baina, beharrezkoa al da hemen eraikitzea? Groseko lur berde berde gutxitarikoa da parke hau, eta auzo honetan bizi diren txakurrak joaten diren leku bakarrenetako bat da. Askotan ikusten ditugu zelaian jolasten. Donostian BCC eraikitzeko beste leku aproposago asko daudela uste dut.
Laburbilduz, lur publikoa batean unibertsitate pribatu bat egitea ikastetxe publiko baten patio txikia handitu ordez, ez zait batere egokia iruditzen, eta, gainera, Groseko berdegune bakarretako bat desagertzea ere oso gaizki dagoela uste dut. Hau esanda, egingo dutena berriz pentsatzea eta herriaren iritzia kontuan hartuta erabaki bat hartzea eskatzen diot udalari.