Madriletik datorren eskandalua
Pertsona batek delitu bat egin arren, bere zigorra bete badu eta inhabilitaziorik ez badauka, eskubide guztiak dauzka, edozein herritarren moduan; alegia, legeek ez diote oztoporik jartzen guztiok ditugun eskubideak izateko. Halaber, Espainiako Estatuan ez dago heriotza zigorrik ez eta heriotza zibilik ere.
Inor ez da izatez hiltzailea. Norbaitek delituren bat egiten badu, ordaindu beharko du, eta zigorra bete ondoren libre izango da, beste edozeinen moduan. Munduari begira diezaiogun. Has gaitezen Ipar Irlandako gatazkarekin: Sinn Feinek Erresuma Batuko Gobernuarekin eta Ipar Irlandako beste indar politiko unionistekin Ostiral Santuko akordioa sinatu zuen 1996an. Akordio horretako puntuetako batek zioen su etena errespetatzen zuten erakunde paramilitarreko presoak baldintzapeko askatasuna izango zutela, eta hala gertatu zen.
Denok ezagutzen ditugun nazioarteko beste izen batzuk ere aipatuko ditut: Nelson Mandela, Pepe Mujika, Martin McGuinness, Gustavo Petro… hauek guztiak, beste askoren moduan, militante politikoak izan ziren edo dira, euren bizitzako urte batzuetan borroka armatuan militatu zuten, eta, gero, bizitza normalera igaro ziren, eta politika egiten segitu zuten edo segitzen dute. Inor harritzen al da izen hauekin? Militante politikoak ziren eta dira. Gainera, ETAko militanteen kasuan bezala, batzuk independentistak.
Orain hemen gertatzen ari dena ez da normala, izan ere, badirudi biktimen aldeko talde batek erabaki nahi duela zein izan daitekeen hauteskunde batzuetan hautagai eta zein ez. Biktimen aldeko erakundeek ba al dute eskubide politiko berezirik euren irizpideak herritarren eskubideen gainetik jartzeko? Ez. Badago erabiltzerik Espainiako biktimen erakundeen irizpiderik herritarren irizpide politikoen gainetik?
Biktimekiko errukia eta pena sentitzea normala da, baina ez da zerbait politikoa, morala eta pertsonala baizik. Alderdi edo koalizio batek erabaki dezake hautesle bat edo bestea jartzea, eta legez inork ezin dio esan ezer, baldin eta herritar eskubide orokorrak betetzen baditu hautesle horrek.
Eta, alderdi edo koalizio batek erabakitzen badu hautagai horiek zerrendatik kentzea bake sozialagatik, sor daitezkeen iskanbilengatik edo dena delakoagatik, bere esku dago; ondo dago, baina oportunismoagatik egingo du egiten duena. Oportunismoa den moduan zerrenda batean gaizkileak daudela esatea, jakinaren gainean egonda gezurretan ari dela.