'Maite dut irratia'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Euskadi Irratiak lehiaketa moduko bat sortu zuen goian aipatu izenburuarekin. Berandu xamar ibili nintzen lehiaketara bidaltzeko. Gainera, irabazi izan banu, bidaia hori egiteko modurik izango ez nuenez, ez nuen bidali. Baina, Irutxoloko Hitzaren irakurle hori… hemen duzu, Euskadi Irratiko lehiara bidali behar, eta bidali ez nuen testua: Kostata iristen naiz hilabete bukaerara. Ikasi ere, ez nuen ikasteko aukerarik izan. Ez dizuet ukatuko, baina unibertsitatera joateko gogoa izan, banuen. Belaunaldien patuak edo, gure aitonak aitari, eta aitak niri irakatsitako ofizioan eman ditut azken 30 urteak. Donostiako Alde Zaharrean dut denda. Garai bateko denda da. Zaharra, eta zahar enkantua duena. Egurrezko altzariak. Kaletik, justu-justu ikusten da barrukoa. Kristalak, garden izateari aspaldi utzi zion. Urtero aldatu behar zela pentsatu ohi dut, baina… enkantu berezia duela esan izan didate bertaratzen direnak. “Horrelako dendak ez dira sarri ikusten eta animo!”, bai, bai… baina animo hitzak zein balio gutxi duen hilabete bukaerara iritsi ezin denean. Baina, eustearen poderioz… bada eutsi, eta eutsi. Dendara, kuriosoak sartu izan ohi zaizkit aspaldian, dendarekin liluratuta. Noiz edo noiz, pilak behar dituen pertsona galdu bat sartzen da gurean. Gure fotokopiagailu zaharrak ere, NANetarako eta horrelakoetarako bakarrik dabil. Dendaren atzeko tailerreko erremintak, denbora da erabili ez ditudala. Erreminta txikiak izan arren, erremintak dira eta beraien funtzioa dute. Nahiz eta aspaldian, paretan zintzilikaturik egon. 80 urtetik urruti ez den Kontxi sartu zait dendan. Esku batean, egurrezko makulu zaharra; eta bestean, Sanyo radio casette zahar bat dakar. Mostradore gainean jarri eta “Felipe, katua ibili behar ez zuen lekuetatik ibili da, eta irratia lurrera bota du. Ezin dut orain ezer entzun”. Halako irratiak, merkatal gune handietako teknologia dendetan, ez dira konpontzeko kapaz. Horretan hasi zen gure aitona orain 80 urte. Gure aitak ere, aitonaren bidetik segi eta hari ikasitakoa irakatsi zidan niri txiki-txikitatik. Ez dakit konpondu ahal izango dudan Kontxiren irratia, baina bere kezka aurpegia lasaitzeko moduko irri konpontzailea egin diot. “Zatoz bihar, Kontxi!” esan eta hor irten da, bere egurrezko makulu zaharrarekin. Hamar minutu ez dira pasa, denda ireki dudanetik eta Kontxi sartu da. “Listo, Kontxi! Bi kable zituen askatuak, eta listo! Euskadi Irratia prest jarri dizut, gainera. Bihar goizeko meza nagusia entzun ahalko duzu horrela”. Esker oneko hitzak, bere begiratuan zegoen keinua ikusi dut. Euroekin aklaratu ez arren, hiru txanpon eman dizkit Kontxik. Pozik irten da dendatik bere Sanyo radio casettea eta egurrezko makulu zaharra eskuetan dituela. Irrati zaharrak, berriak eta oso berriak ditut egun nire enkantudun dendako apaletan. Hala ere, bi kable lotzean sortzen den maitasun keinua aski da horrelakoetan. Kontxi pozik joan da bere irratiarekin; ni berriz, kostata iristen naiz hilabete bukaerara, baina…