Maizterrak
Duela 5.000 urte inguru hasi zen alokairua Mesopotamian, eta Euskal Herriratu zenean euskarak latineko magister hitzaren mailegua hartu zuen: maizterra. Horrek bere jabegokoa ez zen lurraren erabilpena zeukan, eta jauntxoari errenta bat ordaindu behar zion. Askotan, maizterrak lur horri atxikiak geratzen ziren, morroi bilakatuz, beraien jabegokoa ez zen toki batean bizitzera behartuta.
Orain, berriz, maizterrok ez dugu gure bizitza etxe berean ematen; kontratu motzak, prezioen igoerak, eta ondo ulertu gabeko klausularen bat dela medio, gure bizitokia aldakorra da oso. Auzoz edo etxez aldatu ohi gara auzokiderik ezagutu gabe, zeharkatzen ditugun espazioak bizileku bilakatu gabe. Amazon, Glovo, Uber eta antzekoek lan baldintza prekarioak hauspotzen dituzten egoera honetan errentaria babesgabe dago, zilegi ez zaion, eta ezagutzen ez duen egoera baten aurrean.
Koronabirusaren krisiak kolpatu gaituen honetan, alokairuen greba pil-pilean dagoen gaia da, egoerak de facto iragarri duena. Hil honetan eta hurrengoetan hamaika lagunek ezingo dute beraien alokairua ordaindu, askok ez baitituzte betetzen diru-laguntzak eskatzeko jarritako baldintza konkretuak.
Honi konponbiderik emango ez dieten instituzioengan esperantzarik jarri gabe, bideari ekinez askatuko dugu korapiloa, elkarren arteko zaintza-sareak josiaz. Maizterren Sindikatua izango da tresna berriak sortzeko bideetako bat; izan ere, bakarrik ezin da, baina lagunekin bai.