Mantso-mantso
Duela urte batzuk ikasle bati lagundu genion lankide batek eta biok ikastetxe bateko ateak irekitzeko egunera. Ikasle honek eta haren familiak zereginen ikaskuntza gela bat aukeratu behar zuten hurrengo ikasturterako. Ezgaitasun intelektualen bat duten ikasleentzako baliabideak dira hauek; han, eguneroko bizitzarako trebeziak landu eta lan munduratze prozesua hasten dute.
Bisitan ginen ikasleak, familiak, eta lankidea eta biok. Guztiok, kontatzen zigutenari arreta handia jarriz. Zentroko zuzendariak egin zigun bisita gidatua, eta harekin aritu ginen gora eta behera zentroa ezagutzen. Halako batean, jada zentroan zegoen ikasle ohi bat topatu nuen, eta harekin hizketan geratu nintzen: gustura zegoela, bisita egingo zigula… denbora pasatu zitzaigun eta taldeak ospa egin zuen.
Bat-batean zuzendaria etorri zitzaidan, besoa sorbaldan jarri, eta ozen-ozen, mantso-mantso eta tonu paternalista batekin esan zidan: “Gustatzen zaizu gela? Ba, hurrengo urtean. Tira, tira, galduko duzu eta!”. Zur eta lur geratu nintzen. “Zer gertatuko ote zaio honi?”, pentsatu nuen lehenik. “Zergatik ari zait horrela hitz egiten?”. Eta, halako batean, bonbila piztu zitzaidan: “Itxaron, itxaron…”.
Ordurako, zuzendaria beste gela batean zegoen azalpenak ematen, eta ni zerbait esatera doanaren aurpegiarekin geratu nintzen, aho zabalik. Ikasle ohia agurtu eta taldera batu nintzen berriro. Pentsatu nuen zuzendariarengana gerturatzea zerbait esatera, baina zer esan behar nion ba? Isil-isilik geratu nintzen, eta horrela amaitu genuen bisita. Bisita azkar bukatu genuen; izan ere, pertsona honek bazekien apur bat azkarrago eta suabeago hitz egiten.