Margolaria
Bi aste dira Oier Aranzabalen Margolaria dokumentala ikusi nuela. Solasaldian Mikel Urdangarinek azaldu zuenez, dokumentala artistei eginiko goratzarre bat da. Keinu bat, gustuko duten horretara dedikatzeko erabakia hartzen dutenei. Interesgarria iruditu bazitzaidan ere, aitortu behar dut zauri txiki bat ireki zidala. Izan ere, sarritan erreparatu izan diot sortzeko dudan grinari, eta hala ere, ez zait erraza egiten sormenari denbora dedikatzea. Are gehiago, esango nuke eguneroko erritmoak eta ardurek grina hori itzalarazten dutela. Dokumentaleko protagonistek ez bezala, nik ezin dut esan behinola sortzaile izateko erabateko apustua egin nuenik. Ez, nik beti eutsi izan diot sortzea baino bizirauteko seguruagoa den lan bati. Beti eutsi izan diot lanaren kulturari, kulturaren lanari bainoago. Eta ez diot ardura guztia egotziko, baina argi daukat generoak ere baduela gure erabakietan eraginik: gustuko duzun horretara dedikatuko zarela erabakitzeko, ezinbestekoa baita egiten duzun horretan sinistea. Zugan sinistea.
Baina noan interesgarrien egin zitzaidan zatira: dokumentalaren une batean, Urdangarinen amak aitortzen du margotzeari utzi ziola seme-alabak izan zituenean. Ama izatearen eta sortzaile izatearen arteko gatazka horrek gogora ekarri zidan Katixa Agirreren Amek ez dute nobela, eta presenteago jarri zidan nirekin daramadan beldur bat, inoiz ama izango banaiz sorkuntza nire bizitzako zein planotan geratuko ote den, gaur gaurkoz lehen planoan ez badago. Eta batez ere, gogora ekarri zidan gure ama. Berak bai, gaztetatik hartu baitzuen erabakia maite zuen horretara dedikatzeko. Eta zailtasunak zailtasun, lortzen ari da. Meritu bikoitza dela esango nuke, izan ere, sorkuntzara dedikatzea zaila bada, pentsa sortzaile izaten jarraitzea ama izan ondoren. Zorionez, gure ama ez da bakarra eta euskal sortzaileen artean izen-abizen zerrenda luzea osa genezake. Ez daukat datu kuantitatiborik zenbat zareten esateko, baina bazarete. Eta miretsi egiten zaituztet. Zuzendariren batek lan hau hartu nahiko balu, gustura ikusiko nuke sortzaile eta amen bizitzari buruzko dokumental bat. Eta zuetako bat litzateke gurea ere. Beste ezeren gainetik horixe baita Arantxa Arratibel: margolaria.