Mariano Ferreren galbahea
Euzkitzek duela gutxi Noticias de Gipuzkoa-n kontatu zuenez, Valladoliden egin zuen soldadutzan Nafarroako herri txiki bateko lagun bat izan zuen. Honek ia erdaraz ez zekienez, berez tokatzen zitzaiona baino askoz ere gehiago sufritu behar izan zuen; euskaldun hutsa izateagatik, alegia. Euzkitzek artikuluan dioenez, orain gutxi bere nafar herrian topatu zuen soldadukidea eta bere anaiarekin gaztelaniaz hitz egiten zuela antzeman zuen. Hamarkada batzuk lehenago gaztelania hizkuntza arrotz zuten anaiek barra-barra gaztelaniaz aritu izanak harritu eta mindu egin zuen Euzkitze. Eta sentsibilitate minimoa duen edonor.
Hilabete honetan bertan, Jose Mari Pastorrek Berria-n argitaratutako artikulu batean azaltzen duenez, unibertsitateko ikasle euskaldunek erdaraz hitz egiteko duten joera nabaria eta ia lotsagabea da. Pastorrek plazaratzen duen “Sí, es un tocho de Txillardegi. Tengo los apuntes. Los aditzas y todo lo demás” bi ikaskide euskaldunen arteko antzeko solasaldia imajina ezina izango litzateke, orain dela urte gutxi ere. Eta Pastorrek gure unibertsitatekoek Morales tenientea, pistola eskuan mehatxuka, gainean ote duten galdetzen dio bere buruari.
Rober Gutierrezek ere, Jose Mari Pastorren kezka eta atsekabea partekatzen ditu gazteen euskararekiko maitasun eskasari buruz, Gara-n abenduaren 4an argitaratutako artikulu batean. Arrazoiarekin, nire aburuz, Gutierrezek dio:“Horrek erakusten du hizkuntza hautua ez dela soilik gaitasun kontua, baizik eta segurtasun emozionala eta ohitura sozialak ere tartean daudela”.
«Premiazkoa da galbahearen ordez euskararen ur oparoak jasoko dituen ontzi bat eskuratzea. Euskal Herrian Euskaraz erakundeak oraintsu aldarrikatu duenez, ‘euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika’ behar dugu»
Euskararen egoera diglosikoa adierazten duten aipatutako artikuluen antzekoak irakurtzen ditudanean, Mariano Ferrer kazetari demokrata, Egin egunkariko lehen zuzendaria, euskaltzalea eta euskaldun berria datorkit burura. Aurreko mendeko azkeneko hamarkadetan Radio Popular edo Herri Irratia katean, Marianok El Kiosko de la Rosi izeneko irratsaioa zuzentzen zuen goizeko ordu txikitan, oso estilo berezi eta erakargarriarekin. Xelebreak ziren jendeak pentsarazteko botatzen zituen esaera eta atsotitzak. Horien artean, artikulu honen harira datorren hauxe: “Euskararen iraupenaren aldeko borroka ura galbahe batekin hartzea bezalakoa da”; “es como coger agua con un cedazo!”, esan zuen, ia oihuka, atsekabeak jo zuen goiz batean.
Bistan denez, premiazkoa da galbahearen ordez euskararen ur oparoak jasoko dituen ontzi bat eskuratzea. Euskal Herrian Euskaraz erakundeak oraintsu aldarrikatu duenez, “euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” behar dugu. Mutatis mutandis, “Euskararen Monarkiak” ere ontzi, pertz, kubo eta kaliza eta guzti ekarriko lizkiguke. Gaur egun, ordea, betekizun minimoa Jose Maria Aznarren “egin dezakeenak, egin dezala” esaldia jarraitzea da. Ez litzateke gutxi, lelo xinple horrek Espainiako politikan izan duen arrakasta kontsideratuz.


