Mariaren Bihotzakoei nire esker ona
Etxe ondoko berri txarrak gogora ekarri dit beste garai batean bizitako antzeko egoera: ikastetxe baten itxiera, Donostiako auzo berean gainera. 1951an gure ama zenak, Maria Dolores Goyak, zabaldu zuen ikastola Karkizano kaleko 8. zenbakian. Ikastola nire logelan zegoen, goizero aitak esnarazi, ohea egin eta bildu ondoren, argizaria ematen zion amaren ikasle ziren neska mutikoen ikasgela bihurtuko zen nire gela harri. Gosaldu eta gero anai arrebok abiatzen ginen eskola frantzesetara, bertan ikasten baikenuen.
1960ko udan Elbira Zipitriak klase bereziak eman zizkien andereño zirenei eta bertan onartu zituen zenbait andereñogai ere. Bertan egon nintzen Maria Dolores Goya, Karmele Esnal, Maria Dolores Agirre, eta beste zazpi pertsona gehiago. Lehenengo aldiz entzun nituen aditz modu eta era desberdinak, nire lehenengo euskal gramatika klaseak izan ziren.
Batxilergoa eta Magisteritza ikasketak amaitu eta 1964an amarekin lanean hasi nintzen etxeko bi gela hartuz horretarako. Amak 6-9 arteko haurrak hartzen zituen eta neuk 3-6 urte artekoak. 1969an Oltra Molto gobernadoreak legeztatzera behartu zituen ordura arte zeuden ikastolak, kontrolatu nahi baitzituzten. Gurea ere legeztatu genuen San Ignazioko J.M. Mujika parrokoaren izenean eskatuta. Egoera honek bidea zabaldu zuen ikastola berriak legepean zabaltzeko.
Artean hasiak ziren Donostiako zenbait auzotan ikastola handi samarrak zabaltzen, Amaran, Antiguan… Gure ikasleek 9 urte betetzean azterketa bat pasa behar izaten zuten aukeratutako ikastetxean. Mutilek jesuitetan, neskek San Bartolomen, Villa Belenen edo ahal zuten eskolan, eta arazorik gabe gainditzen zuten erdaraz zen azterketa hura. Orokorrean ondo hartuak izaten ziren erdarazko eskola erlijioso horietan. Beste gauza bat zen, sortu berri ikastolekin gertatzen zena. Han ez azterketarik, ez sartzeko aukerarik ez ziguten eman. Ama gaixotuta, erretiroa hartu zuen alde batetik, eta bestetik, ikusita haur euskaldun haien etorkizuna gero eta zailagoa zela, ikastola ixtea erabaki nuen. 1975an Mariaren Bihotza ikastetxera jo nuen; bertan, Eufronio Agirre apaizak ziurtatu zidan beraiek hartuko zituztela gure haur guztiak. Eskola, ikastola mistoa bihurtu berri zuten, eta oso ongi etorri zitzaizkien euskaraz eskolatutako haur horiek. Guraso gehienek onartu zuten egoera eta gutxi batzuk Santo Tomas Lizeora eta gehienek Mariaren Bihotza ikastolara bideratu zituzten euren haurrak.
Nire eskerrik beroenak bada, une zail haietan eskua luzatu ziguten Mariaren Bihotzakoei.
Miren Egaña Goya