Mariaren safaria
Barkatuko didazue urrunera joatea, baina gaur bidaia exotikoa dakart: Donostiatik urruti gertaturiko pasadizoa, hemen ere gerta zitekeena. Bidaia horretan Maria Guardiola izango dugu lider. Guardiola Extremadurako PPren hautagaia da, eta Extremadura-Madril tren zerbitzua salatu asmoz, bidaiatxo bat egin zuen, argazkilari eta guzti.
Irudikatu dezazuen: Donostiako udal ordezkariak Saharara joaten dira, bada, ezagutu eta hangoaren berri emateko. Mariaren tren bidaia antzeko parezido.
Safaria ez zen oso ondo hasi. Lehen argazki kexan «wifia eskasa da eta ez dago sakelakoa kargatzeko entxuferik» idatzi zuen, kargadorea eskuetan eta azalpen eske aurpegiaz. Jendeak abegikor erantzun zion entxufea aulki azpian bertan zuela, Renfeko tren gehientsuenetan bezala. Hala, jendearen laguntzari esker, gure abenturazaleak bere erreportajearekin jarraitzeko parada izan zuen.
Hurrengo bideoan Guardiolak informazioa eskertu, eta «begiratzaileari galdetuta, ez dit esaten jakin» azaldu zuen. Gainera, «entxufea ez dago oso eskura», gaineratu zuen. Hortik aurrera, anekdota baliatu zuen bere tournée-a biral bihurtzeko. Nik uste dut hau zuela buruan: «Bai, nire lepo barre egin, baina jakizue denok neu trenean ibili naizela, Indiako parien antzera, eta nire larrutan pairatu ditudala zuon atsekabeak».
Uliseren odisea tragedia bazen, Mariaren hau fartsa bilakatu da. Eta, pena da, Extremadurako trenaren egoera ez baita barregarria. Bueno, Gipuzoan Renfe erabiltzaileek ere badute zertaz kexatu. Eta, nik uste dut arrazoia Guardiolaren moduko politikariak direla. Izan ere, entxufeak non dauden ez jakiteagatik ez ezik, bidaia bera kontatzeko moduagatik ere, garbi geratu zen trenik apenas hartu duela inoiz.
Trenei buruz hitz egiteko, askoz hobe zuen gerra erreportari plantak kendu, eta txio bat bota izana: «Madrilerako trenean, gaur ere berandu» edo «gaur behintzat puntual iritsi da, baina zer zaharra dagoen trena». Horrela, akaso, onberaren batek sinetsiko zuen Guardiola benetan trena erabiltzen ari zela. Edo, behintzat, pixka bat disimulatuta, tren erabiltzaileak ez ginatekeen bere begietara zooko maskota sentituko.
Urrutiko bitxikeria hauek exotikoak eta dibertigarriak zaizkigu. Baina, ikusi beharko litzateke gurean ere garraio publikoaz aritzen diren batzuek garraio hori bera zenbatetan erabiltzen duten.