Markel Ormazabal: 'Festaren errepublika libertarioak'
Markel Ormazabal, Santa Klarara
LIBERTALIAN LIBERTATIAZ LIBERTITZEN
“… baina korronteak bagaramatza berriz ere piraton errepublika askera.” Gaur, astelehenarekin, korronteak hamaika behar dute izan Kontxako badian. Behar zutenez izan hamaika eta gehiago arratsaldeko berotan arraunari (edo auskalo zeri) gogor ematen zioten besoak. Hamalaugarrenez Abordatzera! Hamalau urte… alajainkoa(k), molusku, lanperna eta traganarruak! Portuko ostatuko abaroan, sagardo pitxer baten aurrean mihia astintzen duen marinel ile urdinduaren trazak hartzeko arriskutik ez naiz salbu, baldin eta orduko, 2003 dagoeneko urrun hartako abenturak eta desbenturak kontatzen hasten banaiz. Halakoetan paratzen banaiz…korronte guztiak galduko dituzu Irati! Eta hobe korronteari eustea. Are, honek piraten errepublika askera bagaramatza. Eta festen errepublika, horixe bai errepublika askea! Dibertsioa arautu, dibertitzeko erak ezarri, eta bestelako manerak zapuzten dizkiguten horiek festa “dibertsiorako” beste ezertarako ez dela errepikatuko digute. Gertakari aparteko eta isolatu izatetik urrun, ordea, festak bizitzaren erdigunean daude; lan eta atseden erritoekin ez ezik, ideia eta balioen munduarekin lotura estuan baitaude. Festak berebiziko garrantzia du memoria indibidual eta kolektiboaren eraikuntzan. Ez alferrik, pertsona askorentzat bere herriko jaiak nortasun edo identitate adierazgarri gorena dira. Festaren egikaritzean eta ospatzean bizipen emozionala eta ekintza gorpuztua nahasten direnez gero, norbanakoaren emozio eta sentimenduak kolektiboarekin elkartzen ditu. Pertsonala eta kolektiboa, dimentsio biak bateratzeko ahalera du festak. Esperientzia pertsonala eta bizipen kolektiboa estu lotzen ahal ditu. Eta hala da, gorago aipatu ideia eta balioen munduarekin festak izan harremanagatik. Libertitzea, Libertatia eta Libertalia hitzak izkiriatuko ditut Santa Klara uhartetik uretara jaurti botilako bigarren mezu honetan. Libertimendua inauteria da, Antton Lukuk kontatua. Inauteriak Garazin hartzen duen forma: “Libertimendua ihauteria da eta beraz Europako beste inauteri guziek kontatzen dutena du kontatzen honek ere, bere izate eta mitologian, bere sinesmen eta funtzioetan.” Eta inauteria transgresioaz mintzo da, erokeriaz, jostatzeaz eta noski, festaz. Piraten istorioek ere, fantasiazko istorioek baino egiazkoek gehiago, badute transgresioaz, erokeriaz, jostatzeaz eta festaz. Osagai denak aurki ditzakegu Libertatia esan zioten lurraldean. Madagaskarreko iparraldean, XVIII. mendearen hasieran, arraza eta jatorriez haraindi pertsona denek eskubide berdinak zituzten lur sail bati eman izena da Libertatia, non irabaziak denen artean banatzen ziren eta non bertan biltzen ziren hizkuntza guztien arteko nahasketa zen hizkuntza berria hitz egiten zen. 25 urte iraun zituen Misson kapitaina eta Caraccioli apaiz dominikoaren ametsak. Diote, diotenez, bertan bizi zen Tew izeneko marinela errepublika hartan idatzi zenbait eskuizkribu hartuta heldu zela Frantziara, eta Misson kapitainaren teoriek prentsan oihartzun izan zuten. Gerora etorri zen Frantziar iraultza… Mende bete lehenago, XVII. mendean, Donostia penintsula osoko kortsario portu handiena zen; eta euskal kortsaritzaren gune nagusia. Kontxako badia txiki honetan, 50 ontzi baino gehiago ibiltzen ziren. Egungo Abordatzeko ontziak baino trebezia handiagoarekin, pentsatzen dut. Lehorrean, ostatuak izaten ziren marinel eta kortsarioen topaleku, horietan burutzen zituzten salerosketak, tratuak, horiek zituzten lotarako leku, baita euren bizipen eta istorioak zabaltzeko gune ere. Eta halakoa genuen Puiuelo (egungo Fermin Calbeton) kaleko La Flamenca ostatua. XXI. mendearekin La Flamenka bilakatu dugu donostiarron kaiko errepublika. Eta bertan ospatu zen iragan urtean Ezkila kapitainaren zaintza egokitu zaion Aingura kofradiak antolatu Libertalia ekimena. Aurten, ostiralarekin, beste errepublika bat zaigun Txantxarreka Gaztetxean ospatuko den ekimena. Erritoak, errito guztiak eta areago festa erritoak, esangurez beteta daude, iraganaren irudikapenera eta orainaren islatzera garamatzaten sinboloz gainezka. Ospakizun festek, esate baterako, eszenaratu edo gogorarazi egiten dituzte maiz gertakari historikoak. Memoria galtzen hasiak ez ote garen, ordea. Eta memoria, memoria historikoa edo Historiaren ezagutza, hain zuzen ere, ezelako pertsona, komunitate edo herriren identitatearen ezaugarri behinena dugu. Memoriarekin eta memoriatik eraikitzen ditugu lehenik identitateak. Memoriak errotzen gaitu. Gehiegikeriaz erabilia izan den esaerak dio memoria galtzearekin sustraiak galtzen dituela batek, eta sustrairik ezean, idortu egiten dela arbola. Festak bere baitan darama memoria; transgresioa, erokeria, eta jostatzea dituen bezala tatuaturik. Hala, eta Porrotxek dion bezala, ez ditzagun haur garaiko amets, sormen eta desioak gaztaro eta heldutasunarekin akabatu. Hauek memoria-bide apartak baitira. Eta gainera, zer arraiogatik ospatu behar ditugu bestela jaiak? … biharamun eta azeri larrutze latza baino latzagoa behar du izan botila honetako mezua bere luzean irakurri duen koitaduak… Errazagoa dugu antigoaleko mapen ulertzea, ezta Irati?