Markel Ormazabal: 'Agur, donostiar erara agur'
Agurra dut honakoa, azken hitzak behinola Loretopetik bataiatu genuen txoko honetan. Hamahiru urte, ehun eta berrogeita hamar iritzi-artikulutik goiti, eta ezin konta ahala hitz, karaktere eta buruko-min. Minak, bai, eta nireak baino, urte hauetan ene iritzien kudeatzaile aritutako lagunenak gehiago. Asier eta Aitziber, Raul, Ion eta Nerea, eta nola ez, amatxo. Hamahiru urtez urratu dut egunkariko txoko hau, horietatik sei zepoetan nindutela, Gaztela-Mantxako kartzela zahar batean preso. Denbora horretan amak eman zien bide gerizpean ondutako gogoetei. Nire hitzek ama izan zuten konplize, eta gorputz. Eskuz izkiriatutakoak ezkutuan ateratzen nituela, ondo gorde eta ordenagailuan forma emanda, erredakziora helarazten zituen. Gure ama maitea, bera ere txoko honetan iritzi-emaile aritua, Maixabel nekaezina eta saiatua, harik eta orain hiru urte minbiziak agortu zuen arte.
Asierrek animatu ninduen lehen zutabea idaztera eta geroztik aparteko ariketa izan zait. Hamahiru urteotan askotariko gaiez aritu naiz. Honelakoak, horrelakoak eta halakoak izan ditut hizpide, eta gehiago. Ez beti, baina oro har nire bizipenak abiapuntu. Eta Donostia. Ezagutzen nituen gauzez idatzi dut, baita ezagutzen ez nituenez ere; idazketa gogoeta prozesua baita ezinbestean, idatzi ahala gauzen ulertzeko eta ezagutzeko jarduketa. Baina, batez ere, nire bizi- eta hiri-obsesioez idatzi dut, edo obsesioetatik. Finean, txoko honek ezinak eta barruak husteko eta partekatzeko pulpitu ezin aproposagoa eskaini dit, artean bizi dudan eta bizi nauen hiria gertuagotik ezagutzeko pribilegiozko lekuan paratu nauela. Aukera hau eskaini eta denboran iraunarazi duzuen lagunentzat esker ona besterik ez dut.
Ez da astebete Berria egunkariak Irati Elorrietaren elkarrizketa argitaratu zuela. Neguko argiak (Pamiela) eleberriaren kari galdetuta, zera zion: “irakurri egin daiteke hiria, testua irakurtzen dugun modu berean”. Hiria espazio bat da eta testua espazio bezala ikusten duelako egiten du lotura idazleak. Hiria eta testua, espazio; are, hiria testu. Uste berekoa naiz. Hiria testu bat bezala hartzea, hiria irakurtzeko, hots, hiria pentsatzeko proposamena da. Hiria, izan ere, hiri-espazioa okupatzen duten oinarrizko egiturak baino gehiago baita, eta hiriaz egingo diren irakurketek zehaztuko dute ongien berau. Zer eta nola kontatzen diguten, halaxe ulertuko dugu hiria, horrela biziko Donostia; hiriari buruzko kontakizuna ozenen hedatzeko bitarteko gehien dituztenen arabera, alegia.
Hiriek lengoaia propioa dute, ordea. Hiriak bizilagunei hitz egiten die eta bizilagunek hiriari, eta solasaldi hauetatik eraikiko dira hiriko eta hiriaren lengoaiak. Ahalera horixe du Irutxuloko Hitzak. Donostiari buruzko bestelakoak irakurtzeko aukera eskaintzen digula, eta ondorioz, bestelako Donostiak irakurtzekoak. Eta ni neu ezin eskertuago kontakizunon parte egin nauzuelako. Zinez mila esker.